Cultura contemporánea y ruralidad

Landartek, egungo sorkuntzaren bitartez landa-komunitateetako bizitzari buruz hausnartzeko gonbita egin du 2020an

Laugarren edizioan, programa Arano, Beire, Lizoain-Arriasgoiti, Mendaza, Sada, Tulebras-Barillas eta Vidangoz herrietan gauzatzen da

Landarteren laugarren edizioa ‘Kultura garaikidea eta landatartasuna’ lelopean eginen da, 2020ko urrira arte, Nafarroako zazpi herritan. Horietan, hainbat artista eta sortzailek kultura-prozesuak garatzen dituzte herrietako biztanleekin elkarlanean.

Ignacio Apezteguía Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendari Nagusiak, Lorenzo García Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak eta Kanpoko Bulegoa kolektiboko Anne Ibáñez eta Marc Badal, proiektuaren koordinazio-taldeko kideek, Landarte 2020 aurkeztu dute gaur goizean, programako talde teknikoak eta parte hartuko duten artistek lagunduta. Gainera, aukeraturiko udalerriak, tokiko agintariek grabatu dituzten bideo batzuen bitartez egon dira ordezkaturik.

Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuak hiru helbururekin bultzatzen du Landarte. Alde batetik, kultura garaikidearen bitartez landa-komunitateen ahalduntzea sustatzea, bere garaiarekin konprometiturik eta bat eginik, lurraldetik eta jendearengandik hurbil. Bertzetik, Foru Komunitateko sektore artistikoaren eta kultur eragileen profesionalizazioa sustatzea. Eta amaitzeko, ikasteko eta aberasteko aukera partekatua eskaintzea, bai landa-inguruneari, bai artearen eta kulturaren sektore profesionalari begira.

Sail honek sustatzen dituenen artean gazteena den programaren bitartez, kultura zabaltzeko esperientziak gainditu, eta bitartekaritza-jardunbide eraldatzaileak orokortu nahi dira, herritarrek bizitza kulturalean bete-betean parte har dezaten, demokrazia kulturalari lagunduz.

Landarte 2020k, partaide guztiak (herriak, artistak eta erakundeak) koordinatzeaz, tokiko biztanleria dinamizatzeaz, komunitatearekiko eta ingurunearekiko loturan laguntzeaz, eta proiektu koherenteak identifikatzeaz eta artistak horien inguruan aholkatzeaz arduratzen den bitartekaritza-taldea du.

Horrela, Maite Redondo sortzaileak Beire udalerrian lan egiten du; Fermín Díez de Ulzurrun eta Sancho Rodriguezek Sadan; Nader Koochakik Aranon; Nerea de Diegok eta La Comunidad kolektiboak Mendazan; Iñigo Cabezafuegok Lizoain-Arriasgoitin; Txaro Fontalbak Vidangozen; eta Cabeza de Artista kolektiboak (Patxi Aldunate eta Alfredo Murillo) Tulebras-Barillasen.

Landarte 2020

2019ko edizioaren ondoren, programa berriro pentsatzea erabaki zen, 2020an herrietako biztanleek proiektuaren garapen osoan parte har dezaten bultzatzeko, eta prozesuaren bilakaerak (hausnarketa, topaketa, elkarrizketa) azken emaitzetan duen garrantzia azpimarratzeko.

Landarte 2020ren erronka nagusiak COVID-19aren krisiak eragin ditu. Batetik, landa ingurunean, pandemiak eragin larria izan du herritarren osasunean, gizarte harremanetan eta jarduera ekonomikoetan. Eta, bertzetik, sortzaileen komunitateak bere lan egiteko erak birplanteatu behar izan ditu, panorama sozial eta kultural berriaren aurrean pentsamendu kritikoa sortzeko lanbide eta ahots gisa irauteko.

Egoera horretan, sorkuntzak eta arteak berriro asmatzeko eta etorkizunera begira proiektatzeko duten berezko gaitasunean konfiantza du Landarteko taldeak. Eta baita krisi honek Nafarroako landa-inguruetako komunitateei, beraiek nahi duten landa-munduaren ereduari eta hori lortzeko jardunbideei (sozialak, kulturalak eta ekonomikoak) buruzko funtsezko gaiak planteatzeko aukera emango dien konfiantza ere.

Landarterentzat, funtsezkoa da tokiko biztanleek sortzaile profesionalekin batera parte hartzea proiektuetan, edukiak eta diskurtsoa era kolektiboan eta horizontalean sortzeko. Komunitateak sorkuntza garaikideari eta artistak landa komunitatearen errealitateari buruz dituzten begiradak elkarrekiko bizigarriak eta aberasgarriak izatea lortu nahi da. Hori lortzeko, sortzaileek aukeraturiko herrietan lan eginen dute, haiekin elkarreraginean, bertako jendea eta diskurtsoak mapeatuz, herri bakoitzerako esanahia eta nortasuna duen kultur proiektu baten gakoak aurkitzeko.

Eta testuinguru horretan, proiektuaren sortzaileak kontzientzia hartzeko, komunitateen autopertzepzioa birplanteatzeko eta transmisio-kateak kultura garaikidearen erdigunean sartzeko eragile gisa aurkeztuko dira.

Arduradunak ziur daude landa-ingurunea ingurune segurua dela ziurgabetasunaren aurrean erresistenteagoak diren kultura-proiektuak egiten saiatuko diren metodologiak ikertzeko. COVID-19aren garai honetan, programako dokumentazioa aurrera eramatearen eta webgunea, bloga eta sare sozialak indartzearen alde egin da.