Pandemiak eta tresna digitalen garapenak markatutako urtean amaitu dira Landarte 2020ren proiektuak
Pandemiak eta tresna digitalen garapenak markatutako urtean amaitu dira Landarte 2020ren proiektuak
Laugarren edizioa Arano, Beire, Lizoain-Arriasgoiti, Mendaza, Sada, Tulebras-Barillas eta Bidankoze herrietan egin da Landarte, Vianako Printzea Erakundeak- Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako Nafarroako Kultura garaikide eta landatartasun programa, laugarren edizioaren amaieran dago. Foru Komunitateko zazpi herritan egindako zazpi proiektu ditu ardatz, eta ahots horiek subjektu legitimotzat hartzen laguntzen dute. “Emaitzen aurrean prozesuek duten garrantziak eta ingurune digitalak protagonismo berezia hartu dute pandemiari aurre egiteko ezarritako neurriek markatutako urtean”, arduradunek esan dutenez. “Hori dela-eta, programaren dokumentazioaren eta Internet bidez hedatutako tresnen (bloga eta sare sozialak bezalakoak) aldeko apustua egin da”. 2020ko edizioan, Landarte Nafarroako zazpi herritan garatu da. Hain zuzen ere, kultur sorkuntzako artista eta profesionalek tokiko kezka eta baliabideetan oinarritutako hainbat lan egin dituzte, eta bertako biztanleek eta agintariek ere horietan parte hartu dute. Esate baterako, Maite Redondo eta Luca Rullo Beireko udalerrian aritu dira lanean; Fermín Díez de Ulzurrun eta Sancho Rodríguez, Sadan; Nader Koochaki, Aranon; Nerea de Diego eta La Comunidad taldea, Mendazan; Cabezafuego, Lizoain-Arriasgoitin; Txaro Fontalba, Bidankozen; eta Cabeza de Artista taldea (Patxi Aldunate eta Alfredo Murillo), Tulebras-Barillasen. Artista, agintari eta parte-hartzaileentzat erreserbatutako ekitaldiak Landarte 2020ko zazpi proiektuak pasa den ekainean jarri ziren martxan, eta, aurreko edizioetan ez bezala, oraingoan azken emaitzak ez dira publikoarentzat irekitako ekitaldi gisa planteatu, artista, herrietako agintari eta prozesuetan parte hartutako bizilagunentzat gordetako ekitaldi moduan baizik. Orain arte, Lizoain, Mendaza, Tulebras-Barillas eta Beire udalerrietan garatutako proiektuak amaitu dira. Arano eta Bidankozeko proiektuak azaroaren 28an amaitzea aurreikusten da eta Sadakoa abenduaren 5ean. Hemendik aurrera, Landarte parte hartzeko ebaluazio-fasean sartuko da, eta, bertan, sakonago aztertuko dira emaitza soziokulturalak, parte-hartze maila edo etorkizunean ere jarraipena izateko sortutako ekimenak. “Tira la piedra y esconde la mano” lanean, Iñigo Garcés Jiménez Cabezafuego ibarraren memoriaren proiektatzaile ibiltaria izatetik La Visitadora-ren sustatzailea izatera (pieza ibiltari bat da, etxez etxe joango dena bizilagun bakoitzaren soinu-memoria eta esku-hartze plastikoa eskainiz) igaro da. “Plaga” proposamenaren bidez, La Comunidad kolektiboak (Javi Busturia, Helí García, Noé Bermejo, Alfonso Borragan, Julia De Luis eta Nerea de Diego) eztiarekin, erleekin eta ezkurrekin loturiko errezetak, erabilerak eta esperientziak bildu ditu eta narrazio kolektiboa eta parte-hartzailea sortu. Cabeza de Artista taldeak (Patxi Aldunate eta Alfredo Murillo), “Partidero” lanaren bitartez, zenbait ekintza egin ditu Barillas eta Tulebras herrietako bizilagunen harremanak estutzeko, modu sinbolikoan nahiz fisikoan. Maite Redondok eta Luca Rullok “Beireko” irudiak eta soinuak mapeatu dituzte, herrian zehar erakusketa ibiltaria antolatzeko, irrati, proiekzio eta bestelako materialen bitartez (esate baterako, pelikula zatitu bat). Txaro Fontalba sortzaileak, “Las cartas de Mendigatxa” lanarekin, lurraldearen, memoriaren, hizkeraren (hizkuntza) eta afektuen (nahia) arteko loturak aztertzen dituen proiektua landu du Bidankozeko udalerrian; halaber, Mariano Mendigatxaren korrespondentziaren eta orainaren arteko kidetasunak bilatu ditu. Nader Koochaki artistak, “Camera obscura” lanean, kamera ilun iraunkor eta ireki bat eraiki du bisitarientzat, begiratzeko ekintzak duen garrantzia azpimarratu nahian, erregistratu beharrik izan gabe. Azkenik, Fermín Díez de Ulzurrunek eta Sancho Rodríguezek, “#SADA. Memoria / Orgullo/ Futuro.” lanaren bitartez, herri honetan ardoaren inguruan dauden nekazaritzako azpiegituren hiru mailako mapaketa egin dute: egiturak, agenteak eta prozesuak. Landarte 2020ren erronkak Landarte 2020ak aurrean izan dituen erronka nagusiak COVID-19aren krisiak bultzatu ditu. Alde batetik, pandemiak inpaktu larria eragin du herritarren osasunean, harreman sozialetan eta jarduera ekonomikoetan, landa-eremuan. Eta bestetik, sortzaileen komunitateak lan egiteko moduak berriro planteatu behar izan ditu lanbide eta ahots bezala irauteko, gizarte eta kulturako egoera berriaren aurrean pentsamendu kritikoa sortze aldera. Modu horretan, Landarteren proiektuak garatzeko, pertsonen arteko tartea errespetatu eta maskarak eta gel hidroalkoholduna erabili dira. Halaber, aire zabaleko jarduerak lehenetsi dira, jende-pilaketak saihesteaz gain. Modu horretan, artisten eta parte-hartzaileen segurtasuna bermatu da proiektu guztietan. Vianako Printzea Erakundea – Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintzako Zerbitzuak Landarte programa hiru helbururekin bultzatzen du. Alde batetik, landa-eremuetako komunitateen ahalduntzea sustatzea, kultura garaikidearen eta haren garaiarekin konprometitutakoaren eta elkartutakoaren bitartez, lurraldetik eta bertako jendearengandik hurbil. Bestetik, Foru Komunitateko sektore artistikoa eta kultur eragileak profesionalizatzea sustatzea. Eta, azkenik, ikasteko eta aberasteko aukera partekatua eskaintzea landa-inguruneari nahiz artearen eta kulturaren sektore profesionalari.