Cultura contemporánea y ruralidad

Fermín Díez de Ulzurrun, Sancho Rodriguez / #ZARE Memoria / Harrotasuna / Etorkizuna / amaierako ekitaldia (2021/12/05)

Joan den larunbatean, 2020ko abenduak 5, izan da «#ZARE Memoria / Harrotasuna / Etorkizuna.» proiektuaren amaierako ekitaldia. Fermin Díez de Ulzurrun eta Sancho Rodríguez artistek garatu dute Landarteren 2020ko edizioan.

Jardunaldia hasteko, Sanchok eta Fermín Díezek proiektua aurkeztu zuten San Francisco de Javier Kooperatiba Upeltegiko instalazioetan. Bi artistek azaldu zutenez, beren lanarekin aurrera egin ahala, “herriaren zeharkako erretratu bat” egin dute. “Batez ere galderak planteatu dira, erantzunak baino. Hainbat gai landu dira, hala nola hiri-herri talka, nekazaritzako ekoizpen-eredua, kanpoko begiraden ekarpena… Galdera zailak dira, baina garrantzitsuak. Jatorriaren balioaren aldarrikapena egin nahi dugu, bereiztearena. Proiektua landa-mundu osora estrapola daiteke. Gure ustez, bada paralelismorik artisten eta mahastizainen lan egiteko moduaren artean. Bi kasuetan, sortzaileez ari gara; produktu delikatu batekin lan egiten duten eta konplikazioei aurre egiten dieten sortzaileez, alegia. Artistek zentroan egoteari utzi diote eta haiek baino hobeto bizi diren pertsonak, bitartekariak, daude. Gauza bera gertatzen da mahastizainekin. 

Diez de Ulzurruni eta Rodríguezi, herriko alkate Jesus Maria Lecumberri, kooperatibako mahastizain batzuk eta hainbat artista eta ardozale batu zitzaizkien, proiektuaren egileek gonbidatuta: Amaya Cervera kazetaria, ardoan espezializatua; Marc Badal, Landarte 2020ko ikertzaile, idazle eta bitartekaria; Constantino Gil ikertzailea; Arantza Elejabeitia argazkilaria; Mawatres (Juan Pablo Orduñez) artista; eta Paula Rubio Infante sortzailea.

Aurkezpenaren ondoren, bertaratutakoak sei pertsonako taldetan banatu ziren, Roiako mahastian eta herrian zehar paseatzeko. Kaleak, plaza eta eliza ezagutu zituzten (estilo gotiko berantiarrekoa da eliza, San Bizente Martiriari eskainia).

Upeltegira bueltan, dastaketa komentatu bat egin zen, Maria Eransusen eskutik, eta upeltegiko ardoak aurkeztu ziren, askotarikoak eta freskoak.

Gainera, bisita gidatu bat egin zen ardandegi-jabearen etxera, Fermín Díez de Ulzurrun, Mawatres eta Nacho Illarrazen eskutik, eta “Memoria”, “Harrotasuna”, “Etorkizuna” bideoak proiektatu ziren upeltegian.

Bukatzeko, Fermín Díez de Ulzurrun eta Sancho Rodriguezen kartelak itsatsi ziren Zareko kaleetan.