Cultura contemporánea y ruralidad

MURIETA / CONJUNTA / «HERRIA»

Kalea, freskotasuna, harrizko jarlekuak, bizilagunak. Bizilagunak, batez ere bizilagunak.  Gauza, ohitura, leku batzuekiko… nolabaiteko maitasunari eta ardurari eusten jarraitzea da herri baten eta hiri baten arteko alderik onena. Denbora hartzen du oraindik ere irteteko eta bizilagunaren ondoan esertzeko, hitz egiteko, begiratzeko, egoteko. Kontzientziari eusten dio oraindik ere (askotan inkontzienteki) topaketari, zaintzari, behatzeari, gogoratzeari, amesteari, bizitzeari emandako denboraren garrantziagatik.

Duela gutxi irakurri nuen liburutxo bat datorkit gogora, El Camino, Miguel Delibesena, herri zoragarriko mundu batean girotua. Herri baten parte izatea zer zortea den azpimarratu nahi nuke ere, eta herri bat herri bihurtzen duen oro ez dut utzi nahi presen, zentzugabeko zoramenaren, indibidualismoaren eta teknologien eskutik joaten, konektatu baino deskonektatu egiten baikaituzte. Eta teknologiei buruz ari garela, nola handiak hala txikiak gonbidatzen ditut pantailetatik pixka batean aldentzera eta liburutxo maitagarri hau irakurtzera. Esaldi batzuk atera ditut bertatik (idazki honetarako itzulpena):

“On Josek, apaizak, orduan esan zuen bakoitzak bide bat zeukala jarria bizitzan, eta bide horri uko egin ziezaiokeela handinahikeriagatik eta sentsualitateagatik, eta eskale bat haitzurdinez eta morroiz betetako jauregian diruz jositako bat baino aberatsagoa izan zitekeela”.

“Mendi izugarriek, beren gailur zorrotzak ortzi-mugan orraztuek, huskeriazko zirrara suminkorra eragiten zioten Moñigori”.

“Jendeek besoetan giharrak falta dituztenean, mihian dituzte soberan”.

“Hildakoak lurra ziren eta lur izatera itzultzen ziren, harekin lausotzen ziren zuzeneko koito, ia biziozko, batean”.

“Haranaren lasaitasun barea eta pausatua sentitu, zelai-multzoari so egon, zelai-multzo lursailetan banatua eta baserri sakabanatuez zipriztindua”.

“Lurraren usain heze eta lausoek haren nostalgia kilikatzen zuten, haren oroitzapenetan errealitate pilpiragarri baten ukitua jartzen zuten”.

“Zoriona —esan zuen— ez dago, egia esan, gorenean, handienean, gustagarrienean, bikainenean; gure urratsak Jaunak Lurrean seinalatu digun bidera egokitzean datza”.

“Mendien atzean ezkutaturik, edertasun bat zegoen eguzkian, eta belar iharrez betetako gurdi baten intzirian, eta miruen hegaldi pausatuan abuztuko zeru garbiaren pean, baita bizitze huts eta soilean ere”.

“Gizakiak egin egiten dira; mendiak gaurgero eginak daude”.

“Zerbait zimeldu zen bat-batean bere baitan: agian haurtzaroaren betierekotasunarekiko fedea”.

“Min ematen zion gertaerak oroitzapen izatera hain erraz pasatzeak; sentitzeak ezer, iraganeko ezer, ez zela errepikatuko”.

“Landa da oraindik ihes egiteko geratzen den aukera bakarrenetakoa”.

“Jendea berehala oldartzen zaie umeei, nahiz eta askotan gizonen haserrea beren berezko suminkortasun eta mesfidantzatik datorren, eta ez umeen bihurrikerietatik”.

“Herriko bakoitzak nahiago luke hil, besteen mesedetan hatz bat mugitu baino. Jendea bakartuta bizi zen, eta nor bere buruaz baino ez zen arduratzen. Eta, egia esateko, ibarreko indibidualismo basatia igande arratsaldeetan baino ez zen hausten, ilunabarrean”.

“Bakoitzak bereari gehiegi begiratzen dio eta ahaztu egiten du gauza batzuk guztionak direla eta zaindu egin behar direla”.

“Harana… oso garrantzitsua zen Danielentzat (‘Mochuelo’). Azken batean, harentzat haranak dena esan nahi zuen. Haranean jaioa zen, eta, hamaika urtetan, sekula ez zuen zeharkatu harana inguratzen zuen mendikate garaia. Halakorik egiteko beharrik ere ez zuen izan. Batzuetan, Danielek, Mochuelok, pentsatzen zuen bere aitak, eta apaizak, eta maisuak arrazoi zutela, bere harana lapiko independente handi bat bezalakoa zela, kanpotik erabat bakartua. Eta, hala ere, ez zen horrela; haranak zilbor-hestea zuen, bi zilbor-heste hobeto esanda, bizitu egiten zuena, eta, aldi berean, kaltetzen zuena: trenbidea eta errepidea. Bi bideek hegoaldetik iparraldera zeharkatzen zuten harana, Gaztelako lautada arre eta lehorretik zetozen eta itsasoaren lautada urdina bilatzen zuten. Beraz, bi mundu izugarri kontrajarriren arteko lotura ziren. Haranean barrena, trenbidea, errepidea eta ibaia (aurreko biekin bat egiten zuen Pico Randoren tontorretik oldar bizian jauzi egin ondoren), behin eta mila bider gurutzatzen ziren, eta zubi, tunel, trenbide-pasagune eta zubibideen topografia artega bat sortzen zuten. Udaberrian eta udan, Roque (Moñigo) eta Daniel (Mochuelo) edozein irtengune txikitan eseri ohi ziren, ilunabarrean, eta handik, ia erlijiozko jaiera batek larriturik, ibarraren bizitasun ilaun eta etengabeari begira egoten ziren”.