Cultura contemporánea y ruralidad

AYESA/EZPROGUI / Kanpoko Bulegoa / Topaketa Agezan

Artista gazte talde bat Ageza – Ezporogin hamar eguneko egonaldi bat egiten ari zela baliatuz (Huarte Zentroaren deialdi baten barnean) eta, bestalde, Taxio Ardanaz udalerri horretan berean (Landarteren barnean) bere proiektua garatzen ari dela baliatuz, joan den irailaren 3an topaketa bat egin genuen Agezako kooperatiba-eiheran, bi ekimenak harremanetan jartzeko.

Bilera informala izan zen. Helburua zen landa-eremuetako esku-hartze artistiko eta kulturalen inguruko esperientziak eta gogoetak partekatzea.

Hamabost lagunek esku hartu zuten topaketan. Alde batetik, Agezan bizi diren bost artistetatik lau eta aurten Landarte programan esku hartzen ari diren lau (Taxio Ardanaz, Arantza Santesteban, Miguel Ayesa eta Sonia Ciriza). Horiez gain, kulturarekin eta arte garaikidearekin zerikusia duten beste artista eta pertsona batzuk ere bertaratu ziren.

Uda honetan parte-hartzaileak Nafarroako hainbat herri eta ibarretan lantzen ari diren proiektuen azalpenetatik abiatuta, hiru orduz hainbat gairi buruz eztabaidatzen aritu ginen; besteak beste, elkarlaneko arteaz, horrelako arte-proiektuen gizarte-dimentsioaz eta programen formatuez.

Saioaren helburua esperientziak, zalantzak, intuizioak… partekatzea zen, Landartek mahai gainean jartzen dituen planteamenduekin zuzeneko lotura duten galdera batzuetan sakontzea ahalbidetzeko: zeintzuk dira landa-inguruneko elkarlaneko arte-proiektu batek artistei planteatzen dizkien erronkak? Zein eredu parte-hartzaile dira kasu bakoitzean estrategikoenak? Nola lortu gizarte- eta estetika-helburuen arteko oreka horrelako ekimenetan? Zein dira formaturik egokienak landa-eremu jakin batean gizarte-dinamikak sortu nahi dituen esku-hartze artistikorako?

Topaketa emankorra eta kitzikagarria. Agerian geratu zen halako ekimenek eskaintzen dituzten aukerak; izan ere, praktika artistiko eta kulturaletatik abiatuta, nolabait ere, gure landatartasuneko herri txikietako gizarte- eta kultura-ondarean aztarna uzteko aukera ematen digute.