Cultura contemporánea y ruralidad

VALLE DE ARAITZ / ARANTZA SANTESTEBAN

Haranean filmaketa prestatzen egun batzuk eman ondoren, azkenean gaur hasiko gara. Lau egun ditugu, eta eguraldi ezin txarragoa espero dugu. Ekaitzak datoz. Ikusiko dugu filmaketa amaitzerik dugun, edo beste egun batean itzuli behar dugun.

Tarteka nire buruari lizentzia emanez filmatu nahi dut. Gidoi teknikoaren presiorik gabe; hain beharrezkoa batzuetan, eta hain irentzaile besteetan. Haranean murgiltzeko egunak hain izan dira magikoak, ezen sentsazio horiei leial izatea gustatuko bailitzaidake. “Balizko aura” horretaz datorren argia filmatzea da nire helburuetako bat, eta horretarako, Ainhoa dut lagun. Aura hori agerrarazi nahi dugu, presente egin. Ez lortzeagatik gure burua zapuzteko prest ere bagaude. Ainhoa ni bezain hunkituta dago mendi horien bertikaltasunaren atzean ageri den argia hartzeko.

Marc-ek eta Anek liburu bat utzi didate: “Filosofía vegetal” (Madril: Abada, 2018), Fernando Calderón Quindósena. 224. orrialdean irakurri dut: “Haren igoera [Gesnerrena] Mont Pilatera 1955ean (Huber medikuari gutun ospetsu batean igoerari buruzko erlazio zoragarria egiten du) beharbada, mendia ezagutzeko, paseoa aholkatzen duen lehen testigantza literarioa da. Zentzumenen apoteosia, mendiak esperientzia paregabeen errepertorioa ematen dio bidaiariari. Gizakiak bere gorputzean erregistratzen ditu zapaltzen duen lurraren gorabeherak, dabilen haizearen aldaketak; begiak ohiz kanpoko irudien segida bat jasotzen duen behatoki mugikor bihurtzen dira; entzumena tontor garaietako bakardadearen isilaz edo basoen hondoko txorien txorrotxioaz jabetzen da (…)” (lan honetarako euskaratuta).

Senak esaten dit Gesnerrek mendietako paisaia bertikalarekin duen harreman hori nagusi bihurtu dela hirian hazi garenontzat. Haran honetan bizi diren pertsona batzuentzat paisaiarekiko harremana nolakoa den filmatu eta esploratu nahi dut.

Has gaitezen.