Cultura contemporánea y ruralidad

AGEZA/EZPOROGI / Herritarren lekukotasunak

“Azken helmuga zein izanen zen ez genekien bidaia ederra izan da. Eta, hala ere, konfiantzaz eta alaitasunez heldu genion, bideaz eta konpainiaz gozatu nahian. Eta halaxe lortu genuen. Alde batetik, gure ontziko kapitainek itsasoan barrena eramaten jakin zutelako, eta, bestalde, haiei gu eramaten utzi genielako. Kontua da, ia konturatu gabe, 50 pertsona baino gehiagoren aurrean agertu ginela, ia hitzik esan gabe, gure bidea nolakoa izan zen kontatzeko. Eta une horretan denak zentzua hartu zuen, dena bere lekuan jarri zen. Esker anitz bidaia honetan bidelagun izan zaituztedan guztioi. Bidaia polita izan da. Orain… hurrengoaren bila!!!!”

“Esan behar dut asko kostatu zitzaidala ulertzea gure herrirako erabaki zuten performancea, eta zalantzaz lan egin nuen horretan ia proiektuaren amaierara arte, zer atera zitekeen jakin gabe. Beharbada, artearen kontzeptua ez dudalako benetako artistek bezala ulertzen. Baina lan-giroa neureganatu ondoren, esan behar dut oso eroso sentitu nintzela amaierara iritsi arte landu ditugun lantegi guztietan. Oso aberasgarriak izan dira gure herriarentzat, Agezarentzat, kontatutako istorioei eta bizitako bizipenei dagokienez, eta batez ere barre ugari egin dugu. Egia da, halaber, Taxio lehenik, eta Marion gero, oso erraz jarri zigutela. Esker anitz bizitako guztiagatik!”

“Oso emankorra izan da Ageza/Ezporogin sustatutako egitasmoa. Taxiok eta Marionek behin eta berriro errepikatu ziguten azken emaitza ez zela sormen-prozesua bezain garrantzitsua; guri kosta egiten zitzaigun hori ulertzea, eta hainbat saiotan nahiko galduta egon ginen, nahiz eta gidari genituen artistengan konfiantza genuen. Egia esan, azken emaitza jaso dugu bai, baina egia da asko gozatu dugula prozesua osatzen zuten lantegiekin. Antzinako gauzak gogora ekartzea izan da, eta, aldi berean, gure burua orainean kokatzea; taldeko kide guztien ideia eta proposamen guztiak ulertzea, onartzea eta eskertzea, sormen-helburu baterantz eramatea, guk oso argi ez baina Taxiok eta Marionek oso argi zuten sormen-helburu baterantz. Biek jakin izan dute egiten ari ginen horrekiko grina pizten, eta eskertuta gaude horregatik. Aldi berean, belaunaldien arteko elkarbizitzarako, elkarrengandik ikasteko (batez ere helduenengandik) eta elkartzeko eta giro ona izateko zioa izan da. Horregatik guztiagatik, emaitza oso positiboa izan dela esan dezakegu”.