Cultura contemporánea y ruralidad

Arantza Santestebanek Landarte programaren barnean egindako “Liluraren Kontra” film laburra aurkeztuko du larunbatean

Emanaldia 18:00etan izanen da Arribeko elizan (Araitz)

Azaroaren 27an (larunbata), 18:00etan, Arribeko elizan (Araitz) Arantza Santesteban iruindar zinemagileak zuzendutako “Liluraren kontra” film laburra aurkeztuko da, zinemagilearen “Liluraren kontra. Aura hautsi” proiektuaren barnean. Proiektua Araitz Ibarrean garatu da Landarte programaren barnean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultura Ekintzako Zerbitzuak sustatua, eta Landa Garapeneko Departamentuak ere parte hartu du. Filmaren proiekzioaren ondoren, solasaldia eginen da filma sortzeko prozesuan parte hartu dutenekin.

Arantza Santestebanek, bere ikus-entzunezko lanean, ibarreko hainbat pertsonak Malloetako paisaiarekin duten harreman afektiboa aztertzen du. Horretarako, Santestebanek azaldu duenez, “Paisaia filmatu dut ustez paisaia horrek askatzen duen auraren ikuspuntutik”. Zuzendariak Araizko paisaiak azken hamarkadetan bailaran garatu diren arte-praktika batzuekin duen loturari heldu dio. Sortzaileak adierazi bezala, “Abiapuntua paisaiak artisten obran sortu duen eta sortzen duen eragina da, eta Walter Benjaminek bere testu kanoniko batean zioen moduan, Malloakek duten auraren eta artista horien praktiken arteko korrespondentzia ote dagoen ikertzea”.

Ibarreko bizilagunek partekatzen duten iritzia, horien artean Maider Agirrebarrenak: “Bere begirada partekatzen dugu, artelan batean jasotako lur honekiko maitasuna. Ibar honi, egunero babesten gaituen Malloaken indarrari balioa emateko modu bat da; gure amatxoak dira hein batean”. Bestalde, Igone Vazquezek, Agirrebarrenarekin batera Santestebanen filmean parte hartu duenak, gogora ekarri du lehen bilera batean Arantzaren ideia ezagutu eta gero, “Gustatu egin zitzaidan emakumea izatea, euskalduna eta irudiarekin lan egiten zuena. Parte hartzea erabaki genuen, eta behin baino gehiagotan etorri da gu bisitatzera. Behin baino gehiagotan filmatu du gure etxean, lehen Remigio Mendiburu artistarena zen etxean”. Jose Manuel Zubillagak, Araizko alkateak, azaldu duenez, “Ibarreko jendearen harrera oso ona izan da. Batzuek zalantzak zituzten hasieran, ezjakintasunagatik. Alabaina, proiektuaren berri izatean, dena oso ondo; ibar honetan jendea ohituta dago etortzen diren eta bertan lan egiten duten artistekin harremanetan jartzera, batez ere artista plastikoekin. Oso proiektu interesgarria izan da ibarrarentzat”.

Arantza Santestebanek film labur hau aurkeztu du bere lehen film luzea sustatzeko prozesuan, “918 GAU” (Txintxua Films). Militantzia politikoari buruzko gogoeta egiten duen testigantza-film introspektiboa, espetxealdi prebentibo luze batetik abiatuta. Berriki Doclisboa jaialdian film onenaren saria jaso du lan horrekin. Historian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Arantza Santestebanek (Iruñea, 1979) bere zine-heziketa Dokumental Sortzaileko diplomaturarekin osatu zuen Francesca Bonnemaison zentroan (Bartzelona). Hainbat pieza zuzendu ditu zinemagile lanetan; horien artean, “EURITAN” (2017) film laburra nabarmendu dezakegu. 2019tik Lisboako Unibertsitatean ari da prestatzen bere doktoretza Susana De Sousa Diasekin, irudikapen zinematografikoa, feminismoa eta euskal gatazka politikoa lotzen dituzten gaiak ikertzen.

Santestebanen proiektua Araitzen (Nafarroa kantauriarreko haran txiki bat) landu du. Araitz Aralar mendilerroaren ipar-ekialdean dago, Malloaken oinetan. Ibarra sei herrik osatzen dute: Atallu (Nafarroa eta Gipuzkoa arteko antzinako aduana), Arribe, Intza, Gaintza, Uztegi eta Azkaratek. 500 biztanle baino zertxobait gehiago ditu, eta Arribek eta Atalluk dituzte biztanle gehien. Duela hamarkada batzuk arte, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen zituen bide-korridore nagusietako bat izan zen.

LANDARTE 2021

Uztaila eta urria bitartean garatu da, “Kultura garaikidea eta landatartasuna” izenpean. Landarteren bosgarren edizioak ikus-entzunezkoak, argazki- eta soinu-ekoizpenak eta performanceak jaso ditu. Emaitza “oso gogobetegarria” izan da parte hartu duten eragile guztiek egindako balorazioen arabera; bai sortzaileek, bai lan egin duten komunitateek egindakoaren arabera.

2021ean, Santestebanez gain, beste bost artistak eta kolektibok lan egin dute Nafarroako sei landa-herritan. Horietan, kultur sorkuntza garaikideko hainbat prozesu sortu dituzte bertako biztanleekin lankidetzan. Horrela, Taxio Ardanaz artistak Ezporogi-Ageza udalerrian lan egiten du; Conjunta arkitekturako estudio-lantegiak (Ines Castillo, Felipe Fuentes, Iker Ordoño eta Arantxa Satrusteguik osatua) Murietan; Ana Maestrojuan antzerkigileak Murillo el Fruton; Pr0t0k0lektib0ko taldeak Artzibarren; eta Katixa Goldarazena artistak Zubietan.