Faltzes / 4 eguna
Hurrengo elkarrizketa Faltzesen jazotako gertakari errealetan oinarritutako fikzio bat da. Lau pertsona zuhaitz baten itzalpean hizketan.
—Nola ikusten dituzue gaurko haurrak?
—Nik ondo ikusten ditut. Ludotekara etortzen direnean, primeran pasatzen dute.
—Nik ere bai. Uste dut haurrek jolasteko eta mugitzeko aukera dutenean beren erritmoan sartzen direla.
—Beti pentsatu izan dut hainbeste ordu ikasgelan eserita egotea ezin dela ona izan.
—Nik oso gaizki pasatu nuen eskolan. Aulkitik altxatu besterik ez nuen egin nahi.
—Niretzat ere gogorra izan zen. Inoiz ez nintzen ohitu eserita egotera; pentsa, oraindik ere ez nago ohituta.
—Kar, kar…— guztiek barre egiten dute.
—Baina badirudi eserita egoten ikasi behar dela halabeharrez. Lan gehienak horrela egiten dira, eserita, eta, bestela, landara edo fabrikara. Eta nork nahi ote du halakorik?
—Nork daki, lan osasungarriagoak dira agian.
—Bai zera. Oso gogorra da gorputza egunero erabiltzea, etenik gabe. Eta fabrikan arriskuak daude; nire lagun batek atzamar bat moztu zuen duela gutxi.
—Baina egun osoan eserita egotea ere oso gogorra da. Sedentarismoak gaixotasun asko eragiten ditu, eta pantailarekiko mendekotasuna ere.
—Bai, bai— denak ados.
—Ikertzaile batek, Remedios Zafrak, dio helduoi teknologiarekin gertatzen zaiguna dela haurrei hainbeste jostailu izatearekin gertatzen zaien gauza bera. Gainezka egiten digu, eta emozioak nora ezean uzten gaitu.
—Okerrena da haurrak goiz-goizetik hasten direla teknologiarekin.
—Zafrak, bestetik, uste du teknologiara ohitu behar dugula ezinbestean, izurrite edo klima-aldaketa egokitu behar dugun bezala. Geratzeko etorri da teknologia.
—Baina teknologia beti existitu da. Beti egon da hor.
—Bai, baina orain intentsuagoa da. Nonbait, duela ehun urte arte, gizakiak zaldi baten abiadura har zezakeen azkarren. Pentsa zer aldaketa. Mendeak eta mendeak jendea abiadura horretara mugitzen, eta orain begiratu…
—Egia. Digitala teknologia inbaditzaileagoa da eta presentzia handiagoa du.
—Eta mendekotasun gehiago sor dezake. Orain, aisialdia ere ordenagailu bidez egiten da. Sinestezina da, makina berarekin lan egiten dugu eta ondo pasatzen dugu.
—Eta lan egiten duzuen haur horiek, nolakoak izango dira haien gorputzak etorkizunean?
—Bada, ahalegin handia egin beharko dute aulki batean ameben modura iltzatuta ez geratzeko. Joera hori da.
—Gorputzarekin, osatzen gaituen horrekin birkonektatzeko beharra dago, ezta?
—Bai, oraingoz, haurrak denbora pasatzera etortzen dira ludotekara, baina, etorkizunean, premiazko zerbait izango da, gizarte mugiezin batean bizirik irauteko ekintza bat.
—Bai, orain erosketak ere ordenagailuaren aurrean eserita egiten ditugu.
—Hala da, mugimendu bizia zerbait vintage bihurtuko da, baina kontua da Erdi Aroan bizi zen pertsona baten gorputz berdina dugula; uste dut hori Santiago Alba Ricok dioela.
—Ez dakit hori esaten duen, baina bai idazten du gaixorik gaudenean edo istripu bat dugunean baino ez garela gogoratzen gorputzaz. Orduan sentitzen dugu haren pisua, haren espazioa eta haren mugak.
—Edo festetan behi baten aurrean korrika egiten dugunean.
—Bai, bai. Kar, kar!— guztiek barre egin dute.
—Baliteke horregatik egiten dituztela korrikalariek lasterketa arriskutsu horiek, beren gorputza sentitzeko, bizitza ahalik eta gehiena sentitzeko.
—Baina ez genuke zertan bizia arriskuan jarri hori sentitzeko, ezta?
— Ez dakit. Beste modu batzuk ere badaudela uste dut. Bizitza hor dago, taupadaka, etengabe, entzun besterik ez dugu egin behar.
—Baina… nola?
—Denbora eta maitasun pixka bat emanez. Body Mind Centering izeneko teknika bat dago (gorputza adimena zentratzen, euskaraz), eta nik uste dut hortxe dagoela gakoa. Gorputzaren, adimenaren eta gure zentroaren arteko lotura ezartzean dagoela gakoa.
—Eta hori… nola egingo litzateke?
—Bada, uste dut hori dela arteak egiten duena. Nola edo hala, garenarekin, osatzen gaituen horrekin konektatzen gaitu; artista bat gertu izan beharko genuke ez besterik.
—Bai, bai, hori.— guztiek barre egin dute.
—Artista bat gertu izatea. Kanpaina bat egin genezake. “Jarri artista bat zure bizitzan”.
—Kar, kar!— guztiek barre egin dute.
—Bada, ziur hobeto egongo ginatekeela.
Germán de la Riva & Itsaso Iribarren