Cultura contemporánea y ruralidad

Faltzes / 5 eguna

Hurrengo elkarrizketa Faltzesen jazotako gertakari errealetan oinarritutako fikzio bat da. Sei lagun taberna bateko terrazan hizketan ari dira.

—Bilbotik, Santutxutik etorri nintzen Faltzesera bizitzera.

—Ez esan? Zergatik,ba?

—Hemen hobeto nagoela sentitzen dut. Beti bizi izan naiz auzo batean, eraikin gehiegi, iluntasun gehiegi. Hemen argi asko dago! Ikaragarria da.

—Eta nola egiten duzu lan? Eta etxea?

—Zortea dut. Nire familiaren etxean bizi naiz eta lana lortu dut hemen.

—Aahh…

—Ba, niri gustatuko litzaidake Bilbora joatea. Asper-asper eginda nago hemen bizitzeaz. Sentitzen dut ez dudala ezer egiteko.

—Eta zergatik ez duzu egiten?

—Ez dakit, beldurra ematen dit. Hiria oldarkorra da.

—Ni Madrilen bizi nintzen eta urtebete iraun nuen. Konplexuegia niretzat.

—Baina… ez al zaizue iruditzen orain berdin dela non bizi garen? Egia esan, pantaila baten aurrean gaude beti.

—Ze tristea den hori.

—Bai, beno, exajeratzea da hori. Batzuetan uste dut New Yorken edo Tafallan bizi den batek estimulu berberak dituela.

—Bai, bai. Kar, kar, kar! Denok gaude telesailen mende.

—Duela gutxi idatzi nuen horri buruz… Itxoin, ea aurkitzen dudan jarri nuen aipamena. Marshall McLuhan filosofoarena da. Hemen da, irakurriko dut?

—Bai, bai —erantzun dute denek.

—Honela dio:

“Hiria ez da dagoeneko existitzen, turistentzako kultura-irudikeria gisa ez bada, errepideko edozein jatetxe, han dauden telebistari, egunkariei eta aldizkariei esker, New York edo Paris bezain kosmopolita da […] metropolia zaharkituta dago…”

—Ze ona, izugarri gustatzen zait.

—1954an idatzia.

—Hara…

—Nahiko nuke, bai, horrela izatea, baina hiri handiek boterearen zentroak izaten jarraitzen dute, lana dagoen lekua, mugimendua dagoen lekua.

—Nahiz eta egia den Internetek kanpoan bizitzea errazten duela.

—Beno, hori erlatiboa da, gauzak ez dira hain azkar aldatzen.

—Duela gutxi arkitekto batek esan zidan hiria denborarekin eta abiadurarekin lotuta dagoela. Zenbat eta abiadura handiagoa, orduan eta denbora gutxiago behar da hirigunetik etxera joateko, eta, beraz, hiria gero eta urrunago iristen da.

—Alegia, Iruñean lan egiten dudan honek esan al dezake Iruñean bizi dela?

—Bai, esan zenezake. Orduan, Faltzes Iruñeko metropoli-eskualdea izango litzateke. Ordubete autoan, ezta?

—Bai zera! Metropoli-eskualdea. Faltzes herri independentea da.

— Kar, kar, kar! —guztiek barre egin dute.

—Uste dut uste baino konektatuago gaudela denok.

—Bai, bai —dio taldeak.

Germán de la Riva & Itsaso Iribarren