Cultura contemporánea y ruralidad

Faltzes / Texto 6

Hurrengo elkarrizketa Faltzesen jazotako gertakari errealetan oinarritutako fikzio bat da.
Hiru pertsona herriko begiratoki batean hizketan.

—Ezagutzen duzu Goyaren grabatu hau?

—Ea…

Arretaz behatzen diote horietako baten mugikorrean ageri den irudiari. Lehenengo begi-kolpean erraz igartzen da Tauromaquia serieko grabatu bat dela. Tinta arre gorrixkaz estanpatutako irudi bat da, eta gorputza, haragia eta odola dakartza gogora, baina baita lurraren kolorea ere. Pertsonaia misteriotsu bat, kapa eta kapela gaztelau jantzita, aurpegia estaltzen ari da eskuineko besoarekin. Badirudi egin berri duen keinuak, arroparen mugimenduarekin batera, zezen bat engainatu duela, zeina pertsonaiaren eskuineko oinaren punta baino geratzen ez den tokirantz oldartzen ari baita. Ezkerreko aldean jarri du pisu guztia toreatzaileak, eta, horri esker, azken unean kendu ahal izan du hanka; horrela, animaliaren adarrei iskin eginda, garaile atera da.

El diestrísimo estudiante de Falces, embozado burla al toro con sus quiebros da koadroaren izena Ezagutzen duzu?

—Bai, bai, ezagutzen dut.

—Pradoko Museoaren webgunean aurkitu dugu; kopia bat omen dute han.

—Zu ekarri zigun burua, ikaslea zarenez…

—Benetan?

—Bai, grabatuko pertsonaia Faltzesko ikasle bat zen, XVIII. mendean lizentziatu-titulua lortu zuena: Bernardo Alcalde eta Merino zuen izena. Goyak hainbat grabatutan islatu zuen. Pertsona ezaguna zen zezenarekin jolasteko zuen moduagatik.

— Jolastu?

—Beno, ez dakit horrela esaten den, baina ematen du garai hartan toreatzea desberdina zela, iskinak eta errekorteak egiten zirela.

—Zer iruditzen zaizu grabatua?

—Tira, ongi dago.

—Niri gustatu egin zait marrazki hau aurkitzea. Irakurketa asko egin daitezkeela iruditzen zait. Misterioz beteta dago irudi hori, aurpegia estalita eta arriskuari iskin eginda.

—Zer asmo zuen Goyak?

—Beno, zaila da jakitea. Irakurri dugunagatik, sal zitekeen zerbait sortu nahi izan zuen, eta zezenen gaia komertziala izan zitekeela iruditu zitzaion.

—Baina ez zuen ezer saldu, eszenak krudelegiak zirelako eta antzezten zuen toreatze-mota zaharra zelako.

—Halaber, esaten dute zezenei buruzko serie hau indarkeriari, krudelkeriari eta heriotzari buruzko gogoeta dela.

—Ziur aski, biak nahi zituen aldi berean: piezaren bat saldu eta artistaren inguruan zegoen gai bat jorratzea.

—Gustatu egiten zait Pradoko kontserbazioko buruak egiten duen irakurketa; hemen daukat, irakurri egingo dut: “Garai hartako beste zezen-estanpa batzuek zezenaren heriotza erakusten zuten, baina Goyaren estanpetan, aldiz, gizakiaren alferrikako heriotza irrazionala islatzen da askotan. Antitaurinoak dira, baina ez zezenarekiko gupidagatik, baizik eta gizonarekiko errespetuagatik; izan ere, arrazoiketa oro bazter utzita, etsai bati egiten dio aurre ero moduan, inolako beharrik gabe zirikatzen ari den etsai bati.”

—Interesgarria da, eta egia, batzuetan arriskuarekin jolastea gustatzen zaigu.

—Bai, eta ez zezenekin bakarrik. Paraxutistak, mendizaleak, muturreko kirolak egiten dituztenak, zirkuko artistak eta abentura bila doazen bidaiariak ere arriskuan jartzen dira nahita.

—Baina une horietan ez zara konturatzen zerbait arriskutsua egiten ari zarela. Egin egiten duzu, besterik gabe.

—Kontziente zara, baina onartu egiten duzu. Konplikatua da istripu bat gertatzen denean.

—Bizitza arrisku-kirola da.

—Baina une oro saiatzen ari gara saihesten.

—Bai horixe, beti ari gara aurrea hartzen arriskuei. Aseguru-etxe bat ematen dugu.

—Horregatik interesatu zitzaigun grabatu hau. Pertsonaia ez dago aurrea hartzeko unean, baizik eta une horretan bertan, arriskuari aurre egin eta saihestu egiten duzuneko, iskin egiten diozuneko unean.

—Bai, horrela ikusita, zezena edozer izan liteke.

—Eta zu saihesten duen ikaslea

—Ni? Kar, kar, kar. Izan liteke.

—Eta zer beste irakurketa egin genitzake grabatuaz?

—Begira diezaiogun minutu batzuez eta bakoitzak berea esan dezala.

—Ados.

Irudiari begira geratu dira. Koaderno batekin eta boligrafo batekin hainbat esaldi idazten ari dira. Idazten amaitzen dutenean, banan-banan irakurtzen hasten dira.

—Autopistan gidatzen ari naizenean topatzen dudan auto-uholdea da zezena. Saihestu eta distantziak neurtu behar ditut etengabe, seguru gidatzeko.

—Lehen eguna lan berri batean. Zeregin eta egoera berriekin egiten dut topo, eta azkar eta trebetasunez ikasi behar dut. Irrikaz eta ikaraz nago aldi berean.

—Gizakia ez da inor, ezkutatuta dago, ihes eginda. Beldurra du?

—Arriskuari aurre egitea, erabakitasuna.

—Goizero gertatzen diren egoerak.

—Indarra, adorea.

—Bizitzan gertatzen diren aldaketak.

—Arazo bati aurre egiteko beldurra.

—Gaixotasun arin bat edo lesio bat duzunean gogora ekartzen dit; sendatu egiten zara, dena lehen bezala dagoela dirudi, baina, egia esan, beti geratzen da ikaskuntza txiki bat.

—Lehen eskola-egunaren amaiera.

—Biziraupena zoritxarraren aurrean.

—Zezena, niretzat, antsietatea da, ni naiz hari errekortea egiten diona, aurrera egiteko.

—Ausardia, egoera askotarako.

Jarraituko du…

2022 Itsaso Iribarren & Germán de la Riva, Faltzesko bizilagun talde baten laguntzarekin.