2022.09.26-28 / Cabredo
Abuztuaren 26tik 28ra bitarteko asteburuan, asmo zehatz batekin joan ginen Kabredora: Haurrentzako eta helduentzako tailer bana egitea, marrazkia, batetik, eta, bestetik, herriko inguruneko fauna eta flora basatiaren ezagutza eta behaketa lotzeko.
Horretarako, Txufis gaztearen laguntza izan dugu, zeina Kabredon bizi eta fauna basatiaren zale amorratua baita. Argazkilaria da, azeriei, sugeei, igarabei, katagorriei eta abarrei lehen planoak egiten aditua, eta hegaztien eta haien migrazioen maitale handia ere.
Txufisek hasieratik atentzioa eman zigun; izan ere, hain herri txiki batean ezinezkoa da ez erreparatzea ile arrosa duen gizon bati. Jende guztia agurtu eta hitz egiten duten horietako bat ere bada, eta sinpatia, karisma eta flowa askatzen ditu beti.
Ilusio handia egin digu gure proiektuan parte hartzeko proposamenak, zeinak herria ingurumen-hezkuntzaren inguruan kontzientziatzea baitu helburu.
Hala, zenbait dei eta onlineko bilera egin ondoren, haren ideia (hitzaldi dinamiko bat egitea) marrazketa-tailer erraz batekin nahastea erabaki dugu; tailerraren helburua izango litzateke material grafikoa sortzen laguntzea, eta helduek arkatz batekin zirriborratzeko izaten duten izu-hesia haustea ere.
Intxaurrondo baten itzalpean eta herriko neska-mutikoez inguratuta, irailaren 26an, ostiralarekin, ikasi genuen pinu bat eta izei bat bereizten, ametz baten hostoen berezitasunak hautematen edo herriaren inguruko arteen kopurua jakiten.
Animalien txanda iritsi zenean, haren argazki batzuk inprimatuta erakusteaz gain, basoan aurkitutako haren altxor-bilduma ezagutu ahal izan genuen: azkonar, sai eta orkatzen garezurrak eta hontzen luma ugari.
Txufisek utzi zizkigun altxorretatik abiatuta, objektu bati arretaz begiratzean oinarritutako marrazketa-ariketa erraz bat egin dugu. Ariketa hori Martín López Lam marrazkilari eta hezitzailearen “La Escuela Del Garabato” proiektutik atera zen, eta tamaina txikiko objektu bat eskala handian marraztean datza. Marraztea arretaz begiratzea dela dioen ideian oinarrituta, helburua da kalkatzea saihestea, arreta bultzatzea eta formatu handia lantzea, marrazketa akademikoan hainbeste erabiltzen den A4 tamaina saihestuta.
Frontoiaren zoruan lan egin dugu; paperak zintaz itsatsi ditugu asfaltoan, haizearen kontra borrokan, patata frijituak jan ditugu eta lurra, eskuak eta uretako pintura akrilikoko paperak zikindu ditugu. Ondoren, marrazkiak elkarteko horman itsatsi ditugu, eta han egon ziren igandera arte. Jende asko hurbildu zen haiei begiratzera, baina, materialak jaso eta gaua pasatzeko leku bat bilatu behar izan genuenez, ahaztu egin zitzaigun erakusketako argazki bat egitea.
Biharamunean, gure kartelak herri osoan itsatsita zeudela ikusi genuen, eta ilusio handia egin zigun horrek.
Larunbatean, hilak 27, helduekin errepikatu dugu esperientzia; ludotekako areto bat erabili dugu, eta proiektagailu bat ere bai, Txufisek bere superargazkiak herri guztiaren aurrean proiektatu nahi zituelako.
Hitzaldia hasi aurretik eta aurreko gauean afalorduan entzun genituen matxinada-mehatxuei erantzuteko (Ez behartu ni marraztera! Nik denetik egingo dut, marraztu izan ezik, e!) ariketa bat egin dugu herri osoarekin shock-terapia egiteko: basurde bat marraztea buruz hiru minutuan. Nolako ufadak, oihuak, haserreak! Harrigarria da ikustea zenbaterainoko beldurra sor dezakeen marrazkiak arkatzak erabiltzera ohituta ez dauden helduengan. Azkenean, protesta guztiak gorabehera, zinez basurde ikusgarriak atera zaizkie:
Txufisen hitzaldia arrakastatsua izan da berriz ere, inork ez du alde egin eta galderak ere egin dituzte amaieran. Orain badakigu zein suge diren pozoitsuak, noiz migratzen diren enarak edo zer animalia dauden Balsa parajean, hots, Kabredo inguruko altxor handienetakoan.
Hitzaldiaren amaieran, ludotekako beste areto batera joan gara; marrazketa-tailer gisa prestatuta zegoen. Nahi guztiek egin zezaketen tailerra, eta erabat bete da espazioa, hainbeste ezen batzuek papera partekatu behar izan baitute. Objektu txiki bat formatu handian marrazteko jarduera errepikatu dugu. Oraingoan, igelak, ehunzangoak, matxinsaltoak, sai arreen garezurrak, kaioak, azkonarrak eta hontzen lumak marraztu dituzte.
Jende guztiak parte hartu du, eta horrek asko harritu gaitu; oso pozik bukatu dugu tailerra. Gertatzen da Kabredo marrazkilari izan daitekeen jendez beteta dagoela. Marrazkiak elkarteko paretetan jarri ditugu, haurrenen ondoan, eta, gau batez, frontoia animalien eta landareen marrazkien erakusketa handia izan da.
Gau horretan, Ilargirik gabeko zeru izartsu-izartsu baten azpian afaldu genuen.
Andrea Ganuza, Karmele Oteros