Larunbat honetan etxolak eraikiko ditugu aintziraren egunean
Aurrera jarraitzen dugu proiektuarekin. Arrada herri gaztea da, baina bertako biztanleek bertakoak izatearen sen handia garatu dute. Horregatik, esplorazio-faseko lehen elkarrizketen ondoren, gure iritziz herrira sustraitzea proposamena garatzeko gai bat izan daiteke. Horretarako, bi ildo desberdinetan eginen dugu lan. Lehenengoa, nagusia, anekdota-bilduma bat sortzea izanen da. Horretan, parte hartu nahi duten herriko pertsonen pasadizoak jasoko dira. Pasadizoak bilduz, komunitateko kideek beren artean eta lurraldearekin dituzten harremanak izanen ditugu aztergai.
Bigarren ildoak izaera ludikoagoa du, baina lotuta dago Arradako haurrak, hainbat herritan bezalaxe, azken belaunaldietan etengabe egiten ari diren jarduerarekin. Etxolak eraikitzea. Etxola lurraldeaz jabetzeko ekintza sinbolikoa da, autonomia-, aterpe-ekintza, taldeko kide izatearen inguruko ekintza… Parekoekin negoziatu behar da proiektu komun bat sortzeko. Beraz, dinamika komunitarioen ikur indartsua izan daiteke.
Horregatik proposatu da Aintziraren Eguneko jardueretako bat izatea etxolak komunitatean eraikitzea. Aintzira ur artifizialeko urmael bat da; herriarekin batera sortu zen aisialdirako eta atsedenerako gune bat izan zedin. Azken urteotan, administrazio-kontuak tarteko, ingurunea hondatu egin da, eta leheneratzeko eta garbitzeko lanak egin behar dira. Horretarako, herriak jai-giroko lan komunitarioa egitea proposatu du. Egun horretan, besteak beste, inausketa-hondarrekin eta beste material batzuekin etxolak eraikiko ditugu.