Cultura contemporánea y ruralidad

‘Landarte 2024’ programa elkarlaneko sorkuntza garaikideko bost prozesu lantzen ari da Nafarroako landa-eremuan

Oibar, Elgorriaga, Oteitza, Arrada eta Untzitibar herriek urrira arte jasoko dituzte Peru Galbete, Ekhiñe Etxeberria, Estefanía de Paz Asín, María Azkarate eta Oihane McGuinness-en esku-hartzeak

‘Landarte 2024’ programaren zortzigarren edizioa bigarren fasean dago; berau, ekainetik urria amaitu arte eginen da Nafarroako landa-eremuko bost herritan. Programaren barnean, sortzaileak sorkuntza garaikideko prozesu parte-hartzaileak gauzatzen ari dira. Peru Galbete sortzailea Oibar udalerrian dago, “Harriz harri, Oibarko egunkari kolektiboa”; Ekhiñe Etxeberria zinemagilea Elgorriagan, “Herriko Ostatua-Herriko bihotza” izeneko proiektuarekin; Estefanía de Paz Asín diziplina anitzeko artista Oteitzan, “Balea ikusezina” proiektuarekin; María Azkarate argazkilari eta arkitektoa Arradan, “Anekdota-bilduma” proiektuarekin; eta Oihane McGuinness ikusizko sortzailea Untzitibarren, “Ibilitakoa eta airearen kulturaren ertzak kartografiatu” proiektuarekin.

Kultura Zuzendaritza Nagusia – Vianako Printzea Erakundeak antolatuta, Landartek ekainean hasi zuen bigarren fase hau; orduan, sortzaileek prospekzio lan bati heldu zioten, lan egingo zuten herriekin loturak ezarriz. Irailean, erkidegoekin batera definitu zituzten haien proiektuak, eta egun hauetan bizilagunekin batera gauzatuko dituzte. 

Esplorazio-fasea, sortzaile bakoitza zegokion herrian “lurreratzeko” fasea, luzatu egin da fase hori programan hartzen ari den garrantziagatik. Esplorazioa, ikerketa, entzutea eta enpatia funtsezkoak dira iritsi diren testuingurua ulertzeko eta, hortaz, planteatuko diren proposamenek erkidegoarentzat zentzua izan dezaten.

Prozesuen dokumentazioa sortzaileek berek eta sortzaile horiek beraiek aukeratutako laguntzaileek landuko dute. Horrela, herrietan aurkitzen dituzten proposamenen, hurbilketen eta errealitateen aniztasuna erakusten duten materialak sortzen ari dira, garatzen ari diren prozesuetatik hurbilago dagoen ikuspegi batetik. Sortutako materialak eta informazioak programaren webguneko bloga elikatzen dute.

Landarterentzat prozesu sortzaileak hausnarketarako eta ekintza kolektiborako ariketa txikiak dira; horiek prozesu osoan zehar presentzia aktiboa eta arretatsua izatea eskatzen dute, kontzepziotik eta metodologia-diseinutik hasi eta produkzio-faseraino. Proiektuak ez dira herriaren enkargu bat, eta, halaber, ez dira sortzailearen ekimen indibidualetik sortzen. Partaideen arteko etengabeko elkarrekintzak osatzen ditu proiektu horiek. Ildo horretan, prozesuak irekiak dira, aurrez jakin ez daitezkeenak, bai erkidegoentzat eta sortzaileentzat, bai talde koordinatzailearentzat.

PROIEKTUAK

Estefanía de Paz artistak, haren “Balea ikusezina” esku-hartzearekin, Oteitzako elkarteak “lagun ikusezinaren” antzeko lankidetza-jolas baten bidez lotu nahi ditu. Ekintzek, oparien ordez, herriko kolektiboen arteko enpatia eta lankidetza sustatzea izanen dute helburu, elkarri laguntzea eta komunitate-loturak indartzea sustatuz.

Peru Galbeteren kasuan, “Harriz harri, Oibarko egunkari kolektiboa” izeneko proiektuak egunkari bat planteatzen du, non biztanle bakoitzak data bat aukeratu eta kontatu nahi duen zerbait idatziko duen. Data nabarmenak, bizipenak, pasadizoak… herriaren kontakizun kolektiboa eraikitzeko. Proiektuak testuak taldean irakurtzea ere proposatzen du. 

Elgorriagan, Ekhiñe Etxeberria Garjónek prozesu parte-hartzailea proposatzen du “Herriko Ostatua-Herriko bihotza” esku-hartzearekin, bainuetxe ezaguna baino gehiago den herri baten historia eta gizarte-testuingurua aldarrikatzeko asmoz. Ekhiñek auzokideen arteko loturak, Herriko Ostatua, auzolanaren tradizioa, jaiak, betiko errezetak, etxeen izenak eta euskararen defentsa landu ditu. Proiektuak hainbat proiekzio kolektibo, lantegi, topaketa eta fanzine baten ekoizpen kolektiboa jasoko ditu barne.

Oihane MacGuiness Armendarizek “Ibilitakoa eta aireren kulturaren ertzak kartografiatu” proiektua landu du, Untzitibarreko herrietako biztanleen arteko kohesioa lortzeko asmoz. Horretarako, lurraldeari lotutako esperientziak eta “herri-kulturaren” edo “airearen kulturaren” hainbat alderdiak jasotzen dituen mapa bat egin du, kartografia berezi bat osatzeko. Ibarreko oroimen kolektiboa gordetzeko eta biztanleek partekatzeko guneak sortzeko modu bat da.

Bukatzeko, María Azkaratek sustraitzearen ideian sakondu du “Arradako anekdota-bilduma” proiektuarekin. Azkaratek lan egin du komunitate batean dauden loturen inguruan kontzientzia sustatzeko, historia laburra izanagatik ere, bertako biztanleen artean kidetasun izaera sendoa garatu baita. Hori lortzeko, herriko biztanleen bizipen partikularra biltzen eta balioesten duen anekdota-bilduma lantzen ari dira. Horren gain, bilerak egiten ari dira anekdota-bildumarekin lotura izanen duen kartografia bat egiteko, kontzejuaren plano sinplifikatuen bidez; horietan parte-hartzaileek esku hartuko dute.