VÍCTOR MASFERRER
Eskultore eta artista bisual gisa dituen proiektuak Kataluniako Oberta Unibertsitateko (UOC) Arte Graduko irakasle-aholkulari lanarekin uztartzen ditu.
Bere lana argazkilaritza esperimentalaren eta horren teknologien ingurukoa da, gaur egun irudiarekin dugun harremanarekin lotuak. Naturaren izaera eta naturaren formak, naturarekin eta inguratzen gaituen ingurunearekin dugun harremana interesatzen zaizkio.
Erakusketak egin ditu La Capellan (Bartzelona), Espai d’Art Torre Muntadasen (Bartzelona), Bòlit Centre d’ Art Contemporanin (Girona), Gironako Historia Museoan eta Kultur Etxean, baita Nafarroako hainbat lekutan ere, Iruñeko Uharte Zentroak antolatutako ‘Uholdeak’ proiektuaren barnean. Duela gutxi instalazio bat egiten aritu da Parisko Cité International Universitairerako.
ESKU-HARTZE ARTISTIKOA: Kontserbategiak
Kontserbategia Urraulgoitin irekitako prozesu bat da. Horretan, kontserben eta ukenduen kultura eta erabiltzen ez diren fruta-arbolak eta antzina jasotzen ziren fruitu-barietateak identifikatzea eta erabiltzea uztartzen dira bailara-mailan “eskaintzeko”, horretarako bereziki prestatutako gune batzuen bidez: kontserbategiak.
Kontserbategiak kontserbak eta liburutegiak, bereziki bookcrossing-a, uztartzetik sortu dira. Etimologikoki, liburutegi bat liburuak gordetzeko leku, apalategi edo apal bat baino ez da (-tegi). Horiek, truka daitezkeen kontserbak eta ukenduak gordetzeko guneak dira, trukea sortzeko eta jakintzak partekatzeko. Helburua etxeetan berez gertatzen denaren zirkulua zabaltzea da: alegia, kontserbak egitea eta zati bat senideei eta lagunei oparitzea, bailara-mailan zabaltzeko.
Prozesuaren zati handi batek antotipoarekin bat egiten du (argazki-teknika bat, tindatzen duten fruituak eta landareen klorofila erabiltzen dituena). Fruituak biltzeko irteerak eta “argazkiak biltzea” konbinatzen ari gara, prozesu horren memoria eta ingurunearekiko lotura gisa, kontserbategiei bizia ematen hasteko.