Landarte Kultura Ekintzako Zerbitzuaren (Kultura eta Kirol Departamentua) programa bat da eta Nafarroako landa-ingurunean artea eta kultura garaikidea bultzatzea du helburu nagusi.
Gure lurraldeko herri txikietan egindako sorkuntza garaikideko proiektuen bidez, esperimentazio eta dinamizazio soziokulturaleko prozesuak sustatu nahi ditu Landartek. Horregatik, tokiko komunitateak eta parte-hartzea programaren ardatz nagusia dira.
Komunitate artistikoaren eta landa-inguruneko elkarte- eta herritar-ehunaren artean esperientziak eta ezagutzak trukatzea errazteko topagunea da Landarte. Ikaskuntzak partekatzeko gonbidapena, sorkuntza garaikidearen jarduteak zein landatasunean berean sortzen diren kultura-dinamikak aberastu ahalko lituzketenak.
Landatasuna ulertzeko modu zaharrak eraisten lagunduko diguten jardute artistiko eta kulturalen alde egiten du Landartek, esanahi berriak kolektiboki eraikiz. Sorkuntza kulturala, praktikatik, hausnarketatik kontzientzia sortzen lagunduko duena eta entretenimendu soil gisa ulertutako kulturatik alde egingo duena.
Artista gonbidatuen eta programa hainbat ediziotan hartu duten tokiko komunitateen arteko kosorkuntza-prozesuek egituratzen dute Landarte. Gaur egungo landatasunaren ahotsak benetako kultura-subjektu gisa aitortzeko eremu egokia ongarritzen laguntzen duten esku-hartze txikiak.