Aragoi ibaiaren ibarreko lur emankorren eta Izko mendilerroaren artean dago, eta Zangozako herri jendetsuenetako bat da Aibar. Erdi Aroko trazadura duen herria da, Aragoi haranaren gaineko mendi-mazela txiki baten maldan hedatzen dena. Bertako kaleetan, askotan, bizilagunek interpretatutako musika entzuten da. Musikarien herri honek, bere pasioaz haratago, bizitza kultural eta sozial askoz ere anitzagoa animatzen eta protagonizatzen du, eta horretan esku hartzen dute antzerkiak, irakurketak, jai tradizionalek, kirolak edo ondarearen zaintzak.
Oibar
PERU GALBETE
Batez ere ahotsa eta irudiarekin egiten du lan, batzuetan bakoitza bere aldetik eta beste batzuetan elkar erlazionatuz. Ahots esperimentazioa, inprobisazioa eta performancea ditu interesgune, eta pieza indibidualak naiz kolektiboak sortu ditu. Peruk lantzen du baita ere bere artelana inguratzen duen iruditeria, izan musika, diseinua, marrazkiak, poesiak edo bideoak.
Lau musika album argitaratu ditu orain arte, bigarrena (Voces de la Selva, 2017) osoki Boliviako basoan sortu eta grabatua, hirugarren diskoa (Nor Zara Zu?, 2020) liburuxka ilustratu formatuan argitaratu zena eta azkenak Beiratu (2022) du izena. Zineari dagokionez, bi film labur estreinatu ditu Punto de Vista zine jaialdian, azkenekoa 2023 urteko sail ofizialean. Bestetik, Uraren Oldea kontzertu musikal-bisual berezia ere sortu du Uharteko Zentroan, zuzeneko honetan irudia eta soinua era bateratuan lantzen ditu.
HARRIZ HARRI – Oibarko eguneroko kolektiboa
Harriz harri eraikitzen da pareta bat
lau paretek etxe bat egiten dute
etxe bat eguneroko bat idazteko
eguneroko kolektibo bat
egunez egun
testuz testu
harriz harri
Eguneroko bat zerbait pertsonala izan oi da, intimoa, sekretua. Irakurria izateko baino idatzia izateko pentsatua dagoen koaderno bat. Eguneroko bat zerbait pertsonala izan oi da bai, baina azken finean pertsonala dena
kolektiboa izaten bukatzen du. Orduan zergatik ez proposatu beste era bateko eguneroko bat? non bizilagun bakoitzak data bat aukeratuko duen eta kontatu nahi duen zerbait idatzi. Iraganeko egun bat oroitua izan dadin, edo agian etorkizuneko bat amesteko, gertakizun bat, bizipen bat, txikiena izanda ere, besteekin batera herriko kontakizun bat eraikiko duena. Irakurketa kolektibo bat egingo da eta ondoren interneten eskegiko da egunerokoa, enboran bidaiatzera bueltatu nahi duenarentzat, Oibartik mugitu gabe.