Guraso Elkartea, ibilaldia eta bisita ‘Las Eretas’ museora
Bigarrenez joan naiz Berbintzanara, Annerekin eta Marc-ekin lehen bisita egin ondoren; horiek biek osatzen dute Landarteko bitartekotza- eta dinamizazio-taldea.
Herriak Landarteren “L”arekin egin dit harrera. Asier kultura-zinegotziak beste pertsona baten laguntzarekin eta soka batzuekin jarri du zutoin elektriko zahar baten puntan.
Oraingo honetan, lehenengo, herriko ikastetxeko Guraso Elkarteko kide den Bearekin egin dut topo. Guraso Elkarteari buruz hitz egin dugu; ohiko Guraso Elkarteek ez bezalako formatua du. Elkartean ikastetxeko kide ez diren familiak daudela esan dit, eta horietako batzuk “asteburuko familiak” direla. Berezitasun horren arrazoia da erakunde horrek eskola-mugez haratagoko jarduerak eta ekitaldiak antolatzen dituela. Txokolate-jana, “muete” eguna, herri-kanpamentuak, haurrentzako kros lasterketa bat… Horiek guztiak eskolaz kanpoko garaietan; udan edo Gabonetan, kasurako.
Herriko tabernan kafe bat hartuz hitz egin ondoren, Berbintzanan barrena elkarrekin buelta bat egiteko eskatu diot Beari. Ikastetxea, kirol-instalazioak, udaletxeko plaza eta Arga ibaia bisitatu genituen, eta Las Eretas museora iritsi ginen. Han, Chari izan genuen zain, museoko gida, bisita gidatu bat egiteko.
Bisita honetara, Bea eta ni ez ezik, Asier eta Meritxell (Berbintzanako zinegotziak), Angel (alkatea), Nieves (‘Laguna’ emakumeen elkarteko kidea), Juncal eta Daniel joan ziren.
Bisita museoaren kanpoaldean hasi zen, aztarnategi arkeologikoa dagoen lekuan. Pixkanaka, ibaiaren ondoan dagoen Metalen Aroko herri honen hondakinak inguratuz joan ginen, eta Charik bertako biztanleak K.a. VI. mendean nola bizi ziren azaldu zigun. Aztarnategia aurkitu zuten 1990ean udal igerilekuak eraikitzeko proiektuaren ondorioz, kontserba-fabrika zaharraren justu ondoan. Fabrika hori, gaur egun, gizarte-etxea eta museoa da.
Bisitaren ondoren, denok elkarrekin igerilekuko tabernara joan ginen, eta bertan museoak Berbintzanan izan duen paperari buruzko iritziak bateratu genituen. Ibaiaz eta herrian aldatu diren gauzez ere hitz egin genuen.
Gehienek jakin nahi dute zer izanen den hurrengoa, zer gertatuko den eta zer eginen dugun.