Cultura contemporánea y ruralidad

Landarteren 7. edizioari amaiera emateko, kultur sorkuntza garaikideko bost prozesu hartuko ditu Nafarroako landa-eremuetako herrietan

Programa Ameskoa ibarrean, Berbintzanan, Gabarderalen, Jaurrietan eta Urraulgoitin eginen da.
 

Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen Landarte programaren zazpigarren edizioak amaiera eman dio Nafarroako landa-eremuko herrietan hainbat sortzailek herri horietako biztanleekin elkarlanean garatutako bost kultura-prozesuren garapen “oso gogobetegarriarekin”. Berritasun gisa, edizio honetan Landarte Artxiboa jarri da martxan; webgunetik sar daiteke bertara.

Aizpea de Atxa artistak Ameskoabarrenean lan egin du; Itsaso Jimenez Iribarren hezitzaile eta artista bisualak Berbintzanan; Andrea Muniain arkitektoak Gabarderalen; Oier Zuñiga aktore eta ilustratzaileak Jaurrietan; eta Victor Masferrer eskultore eta artista bisualak Urraulgoitin.

Lantalde koordinatzaileak urte hasieran eman zion hasiera Landarteri bost herri eta artista aukeratuta. Ekainetik azarora, alde guztiek modu parte-hartzailean eraikitako kultura-sorkuntzako prozesuak egin dituzte, eta azken asteetan itxierak aurkeztu dituzte. Horrela, azaroaren 3an, Urraulgoitiko Santa Fe monasterioan Victor Masferrerek koordinatutako ‘Kontserbategia’ren prozesu osoaren erakusketa inauguratu zen. Azaroaren 11n, Oier Zuñigak Jaurrietan itxi zuen ‘Y si… ¿es posible?/Denbora testigu’ proiektua. Azaroaren 25ean, Andrea Muniainek ‘Dame agua y te daré oro’ (‘Eman ura eta urrea emanen dizut’) proiektuaren emaitza partekatu zuen Gabarderaleko bizilagunekin. Eta heldu den ostiralean (abenduak 22) Berbintzana herrian, Itsaso Jimenez Iribarrenek sustatutako ‘Ibaiari begira’ prozesuaren azken topaketa eta erakusketa egonen da ikusgai ‘Las Eratas’en, 19:00etan. Aizpea de Atxak Ameskoabarrena arakatu du, eta soinuak eta irudiak jasotzeko ariketak egin ditu hainbat talderekin; besteak beste, ibarreko ikastetxe publikoko ikasleekin eta beste eragile batzuekin.

Apezteguiak nabarmendu duenez, zazpigarren edizioan, Landarte “ezinbesteko hitzordu bihurtu da Nafarroako kultura-egutegian”, eta nahiz “dagoeneko finkatuta dagoen programa izan, ibilbide luzea du aurretik”. Kulturako zuzendari nagusiak gogorarazi du “Landartek apostu egin behar duela lengoaia garaikideekin lan egiten duten eta landa-eremuetako komunitateekin elkarlanean lan egiteko erronkari aurre egin behar dioten sortzaileen arteko topaketa erraztearen alde. Orain, gauzak gertatzen uztea da erronka. Horregatik, elkarrekin sortutako esperientziak bideragarriak izan daitezen lagun egiten diegu”.

Halaber, Apeztegiak Landarte bezalako programa bat “paregabe” bihurtzen duten ezaugarriak ekarri ditu gogora: “Herriko eragileak inplikatzen diren eta emaitzen gainetik sortze prozesuen garrantziaren aldeko apustua egiten den prozesu baten bidez garatzen da. Ildo horretan, bitartekaritza funtsezkoa da. Landarte laborategi bat da, eta horretan herri bakoitzeko errealitatetik abiatuta lan egiten da, bertan bizi diren pertsonen interesekin eta sortzaileek ematen duten tresna-kutxarekin”.

Bestalde, Lorenzo Garciak “oso gogobetegarritzat” jo du Landarteren edizio honetan egindako lana; “esku-hartze kulturalen inguruko jardunbide egokiei buruzko ezagutza sortzen duen programa berritzailea”.  

Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak ziurtatu du bete egin direla Landarteren diskurtso-ardatzak, programa modulatzeko egokituak: “Gaur egungo kultura-sorkuntzako praktikak babesten saiatzen gara gaur egungo testuingururako, herritarrei bideratuta. Gure iritziz, kulturak gizartea aktibatzeko tresna izan behar du, hausnarketaren, pentsamendu kritikoaren, elkarrizketaren eta bitartekaritzaren bidez aktibatzen diren erkidegoekin konpromisoa hartu behar du. Landarterekin lan egiten dugu kultura sortzeko gune zentraletara iristeko aukerarik ez duten herriak aktibatzeko eta herri horietako komunitateen eta lurraldeen barruan eragile sortzaile izateko aukera hori hurbiltzeko”.

Celia Martinek programa honen etorkizuna izan du hizpide: “Landarteko arrisku-elementuak, zer gertatuko den ez jakitea, indartzen jarraitu nahi dugu, dena posible izan dadin eta, horrela, Landarte profilak bilatzen jarraitzeko, bai herrietan, bai sortzaileengan. Eskuzabaltasuna eta elkarrizketa behar dira ekimen hau modu horizontalean, parte hartzean eta elkarlanean garatzeko, non sortzaileak eta erkidegoak gai izanen diren sorkuntza bateratu bat ezartzeko, eraginkorra izanen den eta bi aldeak aberastea eta heltzea ekarriko duen sorkuntza”.

Azkenik, Anne Ibalezek Landarte Artxibo berria aurkeztu du: “Artxiboaren asmoa da gure hausnarketak elika ditzaketen Nafarroatik kanpoko beste esperientzia eta ikuspuntu batzuk ekartzea. Aurten, proiektu hau irekitzeko, Susana Camara Leret gonbidatu da, Leonen bizi den artista bat. Susanak bere praktika ikerketa-prozesuen bidez planteatzen du; horietan, beste artista batzuk gonbidatzen ditu, baina baita zientzietako eta giza zientzietako… jendea ere, haien hurbilketak bateratuz ildo baten inguruan lan egiten duten taldeak sortuz. Gure iritziz, haren praktika artistikoa ulertzeko modua bat etor zitekeen Landarten planteatu genituen hausnarketekin, eta esperientziak berretsi egin ditu gure intuizioak. Ekimen hori programaren webgunearen atal berri batean gauzatu da; bertan, hainbat material biltzen dira, bai testuak, bai audioak eta bideoak”.

Landarte 2023 proiektua

Aizpea de Atxak, “Mendiak” proiektuarekin, “lurraldera hurbiltzeko ahalegin sakonagoa egitea” proposatu du. “Soinuaren eta marrazketa- eta argazki-ariketa txikien bidez, Ameskoabarrengo biztanleek eskualdea inguratzen duten bi mendilerroekin (Urbasa eta Andia) duten harremana ulertu nahi izan dut. Landutako beste gai batzuk izan dira paisaia (begiratoki batetik lortutako irudirik ez eraikitzeaz arduratuta) eta mugak (lurraldekoak, kudeaketakoak eta erregularizaziokoak). Horiez gain, topaketa pribatu txikien bidez, ‘mendia eraikitzea’ dei nezakeen zerbait ezagutu ahal izan dut”.

Itsaso Jimenez Iribarrenek “Ibaiari begira” proiektua garatu du. Proiektuaren ardatz tematikoa bizilagunak kezkatzen dituen gai bati buruzkoa da: Arga ibaiari buruzkoa. “Gai horri buruz berriz pentsatzeko helburuarekin, hiru lantegi-bloke antolatu ziren, hiru gai desberdin ardatz hartuta: ingurumena, historia eta tokiko elikagai-ekoizpena. Horiek diseinatzeko eta gauzatzeko, lau eragile gonbidatu izan ziren. Ana Laura Duarte, Cristian Soto, Maria Navascues eta Peio Lekunberri. Topaketa horiek “Las Eretas” arkeologia-museo eta herriko zentro zibikoan egin ziren, eta, ondorioz, museoa aktibatzeko eta parte hartzeko modu berriak sortu ziren”.

Bestalde, Andrea Muniainek “Eman ura eta urrea emanen dizut” proiektua gauzatu du. Horretan, herriaren jatorria du abiapuntu (Bardeako ubidea eraiki izana), bertako biztanleek urarekin duten harremanaz hitz egiteko: “Ura erregimenaren paisaia produktiboa eraikitzen duen jatorri gisa, ura bizirauteko ezinbesteko elementu gisa, ura herriaren elementurik bereizgarrienari, lorategiari, eustea ahalbidetzen duen egungo elementu gisa. Uretako lau soinu-paisaiak lau instalazio materialekin egiten dute bat; horiek ur-azalera gainditu eta atzean zer dagoen ikusten uzten digute”.

‘Y si… ¿es posible? / Denbora testigu’ lanarekin, Oier Zuñigak auzo-elkarrizketetako prozesu bat proposatu du, Jaurrietan etorkizun posibleak pentsatu, irudikatu, desiratu edo fikzionatzeko: “Talde txikietan egindako topaketak izan ziren, dinamika baten bidez emanak. Dinamika horren barnean, parte-hartzaileek azken helburua zein zen jakin gabe, herriaren etorkizun posibleak pentsatu, desiratu eta irudikatu behar izan zituzten. Hori guztia audioan grabatu zen. QR kodeak dituzten plaka batzuen bidez, errealitate berriak osatzen dituzten fikzio horietara sar daiteke. Horrela, tokiko geografian bertan in situ bistaratzen ari den lurraldeari buruzko hausnarketa bultzatuko duten entzumenezko fikzioak sortuz.

Azkenik, Victor Masferrer-ek ‘Kontserbategia’ landu du. Artistak azaldu duen bezala, proiektu hau “kontserbak eta liburutegiak uztartzetik sortutako prozesu ireki batean oinarritu da. Helburua etxeetan berez gertatzen denaren zirkulua zabaltzea zen:kontserbak eta ukenduak egitea familiakoei eta lagunei zati bat oparitzeko, baina baita prozesuan parte hartu nahi duen orori zabaltzea eta ibarrera (eta haratago) hedatzea ere, ezagutza hori partekatze aldera. Prozesuaren zati handi bat antotipoarekin konbinatu zen; argazki-teknika bat da, tindatzen duten fruituak eta landareen klorofila erabiltzen dituena. Alegia, fruituak biltzeko irtenaldiak eta “argazkiak biltzeko” irteerak konbinatu ziren, prozesu horren memoria gisa, lan kolektibo bat sortze aldera”.

Prozesuak Landarteren webgunean kontsulta daitezke. Bertan, proiektu bakoitzari eskainitako gune batera ere sar gaitezke (argazki eta bideoak), baita Landarte Artxibora eta programaren blogera ere.