Izkoko mendilerroaren hegoaldeko isurialdean dago. Zereal-soroak eta mahasti batzuk ditu inguruan. Orbaibarko zati da Leatxe, eta Bizkaia ibarrerako sarrera naturaletako bat izan ohi da. Gaur egun, 20 biztanle finko ditu, baina jende gehiago bizi da han udan eta asteburuetan. Askok musikarekiko eta, zehazki, kantuarekiko pasio berezia sentitzen dute.
Leatxe
MADDI BARBER
Maddi Barber zinemagilea da. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen, eta Ikusizko Antropologia masterra egin zuen, Manchesterko Unibertsitatean. Jaialdi hauetan erakutsi ditu lanak, besteak beste: Visions du Réel, Donostia (Zabaltegi), Curtocircuito, Zinebi, Alcances, Ji.hlava, Porto Post Doc eta Las Palmas. Une honetan, bere lehen film luzea egiten ari da: “Claros de bosque”.
ESKU-HARTZE ARTISTIKOA: Leatxe_lurralde afektibo baten atlasa
Istorio bat pinu bakarti bati buruz, kanta bat Cuatromugas parajeari, poema bat bizi luzea duen zuhaitz batentzat, ondutako oliben errezeta bat milaka urteko olibadi batzuentzat, bideo-podcast bat Hiru bidegurutzeei buruz, herriko iturri guztien katalogazioa, elizaren atarian jokatzen ziren jokoen jarraibideak. Horiexek, Leatxeko biztanleen sorkuntzetako batzuk. Herriko atlas afektiboaren parte dira.
Ideia honetatik abiatu ginen: lurralde guztiek iraganeko eta oraineko istorio eta historiak zein etorkizuneko aukerak dituzte inskribatuta. Nola eskuratu istorio eta historia horiek? Nola entzun lurraldea? Lurraldeetan bizi diren aztarna edo arrastoetan istorioak eta historiak aurkitzea hartu genuen xede, baita tokiko pertsonen kontakizun, fabulazio edo ametsetan ere. Halaber, lurralde horietako istorioak eta historiak aktibatzeko eta haiek atlasaren bidez partekatzeko estrategiak aurkitu nahi izan genituen.
Atlasak mapa fisiko baten eta web-mapa baten forma du, non Leatxeko biztanleek sortutako kontakizunak, argazkiak, abestiak eta bideoak biltzen eta elkarrekin bizi baitira.