50 lagun baino ez dira bizi han urte osoan zehar. Erronkaribarrean dago, eta ibarreko iparraldeen dagoena da, Zaraitzu ibarrean Lazako gainetik sartu aurretik azkena. Tradizio handikoa da Uztarroze abeltzaintzan eta basogintzan, eta Nafarroako Pirinioetako hirigune tradizional onenetako bat du.
Uztarroze
MARINA LAMEIRO
Marina Lameiro Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen URJC unibertsitatean, eta Sorkuntzako Dokumentala masterra eta Muntaketa graduondokoa egin zituen, UPFn. UnionDocs-eko CoLab-eko kide izan zen, New Yorken, artista egoiliar gisa.
Hainbat dokumentalen produktorea, errealizadorea eta gidoilaria da; horien artean, Young & Beautiful nabarmentzen da. Besteak beste, Punto de Vista Jaialdian 2018an Publikoaren Saria lortu zuen, Feroz Sarietarako izendatu zuten eta 20 herrialdetan baino gehiagotan erakutsi ditu lanak.
ESKU-HARTZE ARTISTIKOA: Krutxalteatik Uronarat
Uda honetan Uztarrozera gonbidatu ninduten. Ni iritsi arte, 3 film filmatu zituzten han: bi fikzio, zinemarako, eta dokumental bat, Japoniako telebistarako, 1980ko hamarkadan; azken horretarako, taldeak urtebete eman zuen herrian. Ikertu eta herriko pertsonekin hitz egin ondoren, film kolektibo bat egitea proposatu nien, non biztanleek erabakiko baitzuten nola irudikatu beren burua eta nola irudikatu Uztarroze. Haiek berek hartuko lukete kamera eta soinua, eta beren filma zuzendu.
Nire zeregina bideratzaile gisa pentsatu nuen, baina errealitatea ez zen hain utopikoa izan, eta hasieran uste baino gehiago parte hartu behar izan nuen proiektuan. Harremana erabat horizontala izatea gustatuko litzaidakeen, baina moderatzaile-lanak egin behar izan nituen batzarretan, filmaren edukia eta gidoia erabakitzeko. Zuberrieta elkarteko nesken laguntza funtsezkoa izan zen jendea parte hartzera bultzatzeko. Emaitza oso positiboa izan zen, ahots guztiak entzun ziren eta denen artean adostu genuen zer filmatuko zen udan.
Filmaketa kolektiboki egin zen. Herriko jende asko animatu zen kamera eta mikrofonoa hartzera, batzarretan erabakitakoa erregistratzeko. Sekuentzia batzuetan ekipamendua eskuz esku aldatuz zihoan, eta beste batzuetan, aldiz, pertsona bakar batek egiten zuen lan bakoitza; baina erabaki guztiak kolektiboki hartu ziren, eta jende askok lagundu zuen bai kameraren atzean, bai aurrean. Muntaketa ere modu parte-hartzailean egin da, eta prozesua ireki eta muntaketa-batzarrean parte hartu duten pertsonen ideiak sartu dira.