Landarte 2023k kultur sorkuntza garaikideko bost prozesu hartuko ditu Nafarroako landa-eremuetako herrietan
Zazpigarrenez, programa hau Ameskoa ibarrean, Berbintzanan, Gabarderalen, Jaurrietan eta Urraulgoitin eginen da.
Landarte 2023’ programa Nafarroako bost herritan gauzatuko da. Programaren barnean hainbat artistak eta sortzailek zenbait kultur prozesu sortuko dituzte herri horietako biztanleekin elkarlanean. Zehazki, Aizpea de Atxa artista Ameskoa Ibarrean izanen da; Itsaso Jimenez Iribarren hezitzaile eta artista bisuala Berbintzanen; Andrea Muniain arkitektoa Gabarderalen; Oier Zuñiga aktore eta ilustratzailea Jaurrietan; eta Victor Masferrer eskultore eta artista bisuala Urraulgoitin.
Sorkuntza-prozesu horiek une honetan hasierako fasean daude. Artistek uztaila amaierara arte eginen dute prospekzio lana; bide horretan, lan eginen duten herriekin loturak ezarriko dituzte. Ondoren, beren proiektuak definitu eta urriaren 2ra arte garatuko dituzte.
Ignacio Apezteguiak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak; Lorenzo Garcíak, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak; eta Anne Ibañezek (Kanpoko Bulegoa kolektibokoa), proiektuaren koordinatzaile-taldeko kideak gaur goizean aurkeztu dute Landarte programaren zazpigarren edizioa. Programako talde teknikoa eta parte hartu duten artistak izan dira haiekin. Horrez gain, aukeratutako udalerriak tokiko agintariek grabatutako bideo batzuen bidez ordezkatuta egon dira.
“Sorkuntza egiteko modua egiten den hori bezain garrantzitsua da”
Landarte Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak “landa-eremutik sorkuntza garaikidea errazten duen programa baten alde egiten duen apustua da, eta sorkuntza egiteko modua egiten den hori bezain garrantzitsua da”, Apezteguiak adierazitakoaren arabera.
Kulturako zuzendari nagusiak programa honen helburuak ere gogora ekarri ditu, eta “Zuzendaritza Nagusi honen programarik berezienak aurrera jarraitzen duela goraipatu du, egungo sorkuntzaren eta arteen eta landa-eremuaren eta bertako komunitateen arteko harremanean ardaztuta”. Gainera, Landarteren bereizgarri den “ziurgabetasun” fisikoaren osagaia nabarmendu du: “Ezin diogu inoiz erantzun ‘zer gertatuko da?’ galderari, baina horixe da programaren gaitasunetako bat: erkidegoen eta sortzaileen esku uztea zer eginen duten eta nola gauzatuko duten erabakitzea”.
Prozesuak emaitzaren gainean duen garrantzia azpimarratu du Apeztegiak: “Landartek emaitzak lortu nahi ditu, baina funtsezkoa da prozesuaren garrantzia nabarmentzea. Ildo horretan, parte-hartzaileak ditugu, ez publikoa, artistekin batera sortzeko bidaia hasten duten parte-hartzaileak. Eta horregatik, bitartekaritza ezinbestekoa da”. Eta honela definitu du programa: “laborategi bat, proposamen irekia, non herri bakoitzeko errealitatetik abiatuta lan egiten den, bertan bizi diren pertsonen interesekin eta sortzaileek ematen duten tresna-kutxarekin (kanpoko begirada)”.
Bestalde, Lorenzo García Echegoyenek parte hartuko duten bost herriak errepasatu ditu: “Landa-eremuko udalerri txikiak, benetako bizitza- eta harreman-mikrokosmosa. Landarteko parte izateko hautatuak izan dira dinamika kolektiboak, elkarte-sarea, ekimen parte-hartzaileak eta abar hartzen dituztelako”.
Anne Ibañezek Landarteren edizio berri honetan parte hartuko duten artisten berri eman du, eta artistei eta sortzaileei laguntzeko eta tokiko erakundeekin eta landa-eremuko herriekin bitartekaritza egiteko egindako lana azaldu du.
Hainbat diziplinatatik lan egiten duten artistak dira. Andrea Muniainek teknologia digital berrien aplikazioek subjektibotasunen, gorputzen, espazioen eta identitateen gainean dituzten inplikazioak agerian uzten dituzten instalazioekin lan egiten du. Itsaso Jimenezen sorkuntza-ildoak arte garaikidea eta ogibideak dira, zeharkako ikaskuntzarako tresna eta gizarte-aldaketarako eragile gisa. Oier Zuñigak, bere ibilbidean, hainbat proposamen eszenikotan egin du lan, eta ilustrazio aplikatuko proiektuak, arte-proiektu pertsonalak eta arte bisualetako lanak landu ditu. Victor Masferrerrek eskultore eta artista bisual gisa dituen proiektuak irakasle lanarekin uztartzen ditu. Bere lanak argazkilaritza esperimentala eta bere teknologiak ditu ardatz, gaur egun irudiarekin dugun harremanarekin lotuta. Aizpea de Atxak zinemarekin lan egiten du. Iruñeko 72-22 Topaketetako “Topaketen Memoria Artistikoa” deritzonaren proiektuetako bat egin du.
Anne Ibañezek aurten irekiko den lan ildo berria ere aurkeztu du, helburua izanik “programa aberastea eta sektoreko profesionalei euskarria ematea”. Ildo berri horren oinarria da kultura garaikidearen arloko sortzaileak, proiektuak edo erakundeak gonbidatzea, programa zeharkatzen duten hausnarketak aberastu ditzaketela uste baitugu. Zehazki, urtero gonbidatuko da pertsona edo erakunde bat Landarteko sortzaileekin eginen den topaketa batean eta elkarrizketa-solasaldi batean parte hartzera; hori grabatu eginen da eta programaren webgunetik zabalduko da. Lehen urte honetarako, Susana Cámara Leret artista leondarra gonbidatu dugu”.
Landarte 2023ko lantaldea
Landarte 2023k bitartekaritza-talde bat du eta horren egitekoak dira: partaide guztiak (herriak, artistak eta erakundeak) koordinatzea, tokiko biztanleria dinamizatzea, sortzaileak erkidegoarekiko eta bere inguruarekiko loturan laguntzea, eta artistak identifikatzea eta proiektu koherenteetan aholkatzea.
Horrez gain, programak dokumentazio- eta komunikazio-talde bat du, lan-prozesuak erregistratzeko. Halaber, material grafikoak eta ikus-entzunezkoak sortuko dira; horiek Landarteren webgunearen eta blogaren bidez zabaltzea aurreikusten da. Hain zuzen ere, programaren web-orrialdea da programa honen komunikazio-bide nagusia. Programaren, herrien eta artisten informazio guztia jasotzen du, eta horiekin batera material grafikoa eta ikus-entzunezkoa. Halaber, bost proiektuen ibilbidea jasotzen duten argitalpenen bidez edizio honen garapena jarraitzeko blog bat ere badu. Gainera, Landarte Kultura Zuzendaritza Nagusiaren sare sozialez baliatzen da sortutako edukiak zabaltzeko.
Landartek, azken edizioetan bezala, tokiko biztanleen parte-hartzea sustatu nahi du proiektuaren garapen osoan, modu kolektiboan eta horizontalean, edukiak eta diskurtsoa sortzeko. Hori lortzeko, hautatutako herrietan lan eginen dute sortzaileek, herri haiekin elkarreraginez eta bertako jendea eta diskurtsoak mapatuz, tokiko erkidegoaren interesak eta beharrak bilduko dituzten proiektuak elkarlanean garatzeko.