Cultura contemporánea y ruralidad

Araitz Nafarroa kantauriarreko haran txiki bat da. Aralar mendilerroaren ipar-ekialdean dago, Malloen oinetan. Ibarra sei herrik osatzen dute: Atallu (Nafarroa eta Gipuzkoa arteko antzinako aduana), Arribe, Intza, Gaintza, Uztegi eta Azkaratek. 500 biztanle baino zertxobait gehiago ditu, eta Arribek eta Atalluk dituzte biztanle gehien. Duela hamarkada batzuk arte, Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen zituen bide-korridore nagusietako bat izan zen.

Araitz Ibarra

Arantza Santesteban
(Iruñea, 1979)

Historian lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Zinema-arloan duen prestakuntza Francesca Bonnemaison (Bartzelona) zentroko dokumental sortzaileko diplomaturarekin osatu du.
Hainbat pieza zuzentzen ditu zinemagile lanetan; horien artean, EURITAN (2017) film laburra nabarmendu dezakegu. 2018an Donostiako Zinemaldiak antolatzen duen ‘Ikusmira Berriak’ programan hautatu zuten “918 GAU” filma garatzeko.
2019tik Lisboako Unibertsitatean ari da prestatzen bere doktoretza Susana De Sousa Diasekin, irudikapen zinematografikoa, feminismoa eta euskal gatazka politikoa lotzen dituzten gaiak ikertzen.

September 14, 2021

VALLE DE ARAITZ / ARANTZA SANTESTEBAN

Haranean filmaketa prestatzen egun batzuk eman ondoren, azkenean gaur hasiko gara. Lau egun ditugu, eta eguraldi ezin txarragoa espero dugu. Ekaitzak datoz. Ikusiko dugu filmaketa amaitzerik dugun, edo beste egun batean itzuli behar dugun.

Tarteka nire buruari lizentzia emanez filmatu nahi dut. Gidoi teknikoaren presiorik gabe; hain beharrezkoa batzuetan, eta hain irentzaile besteetan. Haranean murgiltzeko egunak hain izan dira magikoak, ezen sentsazio horiei leial izatea gustatuko bailitzaidake. “Balizko aura” horretaz datorren argia filmatzea da nire helburuetako bat, eta horretarako, Ainhoa dut lagun. Aura hori agerrarazi nahi dugu, presente egin. Ez lortzeagatik gure burua zapuzteko prest ere bagaude. Ainhoa ni bezain hunkituta dago mendi horien bertikaltasunaren atzean ageri den argia hartzeko.

Marc-ek eta Anek liburu bat utzi didate: “Filosofía vegetal” (Madril: Abada, 2018), Fernando Calderón Quindósena. 224. orrialdean irakurri dut: “Haren igoera [Gesnerrena] Mont Pilatera 1955ean (Huber medikuari gutun ospetsu batean igoerari buruzko erlazio zoragarria egiten du) beharbada, mendia ezagutzeko, paseoa aholkatzen duen lehen testigantza literarioa da. Zentzumenen apoteosia, mendiak esperientzia paregabeen errepertorioa ematen dio bidaiariari. Gizakiak bere gorputzean erregistratzen ditu zapaltzen duen lurraren gorabeherak, dabilen haizearen aldaketak; begiak ohiz kanpoko irudien segida bat jasotzen duen behatoki mugikor bihurtzen dira; entzumena tontor garaietako bakardadearen isilaz edo basoen hondoko txorien txorrotxioaz jabetzen da (…)” (lan honetarako euskaratuta).

Senak esaten dit Gesnerrek mendietako paisaia bertikalarekin duen harreman hori nagusi bihurtu dela hirian hazi garenontzat. Haran honetan bizi diren pertsona batzuentzat paisaiarekiko harremana nolakoa den filmatu eta esploratu nahi dut.

Has gaitezen.


Jarrai gaitzazu gure blogan...