Amaierako ekitaldia Bidankozen /2020/11/28 / Txaro Fontalba / «Amore eman edo eutsi» / Mendigatxaren gutunak
Aurreko larunbatean, azaroak 28, «Mendigatxaren gutunak» proiektuaren amaierako ekitaldia egin zen. Txaro Fontalba artistak garatu du Landarte 2020ren baitan.
Jardunaldian, Mariano Mendigatxa eta Resurrección María de Azkueren arteko gutunak biltzen dituen liburuaren berrargitalpena aurkeztu zen, eta Fontalbak egindako posta-txartelen bilduma ere.
Berredizioa Ángel Mari Pérez Artuch eta Alberto Angosek egin dute, eta azalaren diseinua eta maketazioa Anne Ibáñez Guridik egin ditu. Lanak Mendigatxa eta Azkueren arteko gutunak biltzen ditu, 1903 eta 1916 artekoak. Angosen aburuz, «euskararen altxor handi bat da, erronkarieraz, galduta jada, gozatzeko aukera bat». Bere aldetik, Pérez Artuchek azpimarratu du Mendigatxak, liburuan, «xehetasun etnografiko ugari» ematen dituela, «beste era batera gureganaino iritsi izango ez zirenak».
Gainera, Bidankozeko herritarren laguntza izan genuen herriaren pareko harkaitz batetik pankarta bat zabaltzeko, «amore eman edo eutsi» lema duena. Bidankozen ezaguna den esamolde batean du jatorria: “Mendigatxa, amore eman”. Mendigatxaren aita 1835ean gerra karlistetan ihesean zebileneko gertakari bati dagokio: etxean barruan zela, inguratuta, zera esan zioten: “Mendigatxa, amore eman!”. Eta berak erantzun zuen: “Ez dut amore eman, eta ez dut emango”.
Txaro Fontalbak berak azaldu duenez, «uda honetan ekintza bandaliko bat egin zen Bidankozen: harkaitz berean pankarta bat zintzilikatu zuten, ‘igandezaleak, ospa’ inskripzioarekin. Gure lanak bi gertakariak batu ditu, testuingurutik ateraz eta esanahi berria emanez. Keinuak iraganeko zerbait, memoria kulturala dena, seinalatu eta orainean proiektatzen du, erresistentzia gisa. Eta herritarrek parte hartu dute horretan».
Bidankozeko alkateak, Tomás Pasquel Ayechuk, azaldu duenez, «Mendigatxaren gutunak kultura-altxor bat dira; hasieratik ikusi genuen hori hedatzea oso onuragarria izan zitekeela. Liburuaren argitalpenari esker, jende guztiak izango du eskura gure kultura, erronkariera». Plazer handia izan da Txarorekin lan egitea eta herrikoen erantzuna ikustea. Oso pozik gaude Landarte esperientziarekin.