Cultura contemporánea y ruralidad

ARTZIBAR / PROTOCOLECTIVO/ “DIAGNOSTIKOA”

Artzibar aurkakoen lurralde gisa ageri zaigu. Nafarroan hedadurarik zabalena duen ibarretako bat da. Hiru haran geografiko ditu, eta despopulazio-prozesu nabarmena jasan du. Ondorioz, 250 biztanle baino zertxobait gehiago bizi dira erroldatuta, azalera osoan. Historian zehar, populazioen kopurua erdira murriztu da, eta horietako batzuetan familia bakarra bizi da gaur egun. Alderdi erabakigarri bat Itoizko urtegia eraiki izana izan zen; horrek bizilagun batzuek alde egin behar izana azkartu zuen eta haien egoera kaltetu zuen. Herriak jendez ez ezik, ibarra herriz ere hustu zen.

Indarrean dagoen despopulazio-prozesuaren aurre eginez, bost herritan (Zazpe, Lakabe, Arizkuren, Uliberri eta Olozi) okupazio-prozesu batetik abiatuta, etxeak berreraiki dira eta demografia handitu da. Gaur egun, Lakabek 50 biztanle inguru ditu, eta ibar osoko handiena da. Udalerri horiek oso une desberdinetan daude beren artean. Horren arrazoia proiektu zehatz bakoitza gauzatzeko denbora da, baita eredu bakoitzak duen biztanle-kopurua ere, lan-indar gisa itzul daitekeena. Aldi berean, askotariko gizarte-ereduak dituzte. Horietako batzuek ekonomia-sistema komunitarioa dute; beste bat lagun talde itxi bat da; beste batek hainbat aldiz aldatu du eredua urteetan zehar; eta beste batzuek hasierako ereduari eusten diote helburu komun bat lortze aldera.

Landa-eremu guztietan bezala, bertako herrien memoriarekiko eta historiarekiko interes handia dago. Artzibarren, interes hori populazio asko desagertu izanagatik areagotu daiteke. Miresgarria da ikustea nola horren populazio txikian atera diren zorroztasun historiografiko handiko hainbeste liburu. Aipatzekoa da, halaber, Artzibarren webgunea, landa-inguruneetan ikusi ahal izan dugun osatuenetako eta landuenetako bat izaki. Hala ere, azpimarratu behar da Landarte proiektuarekiko asmoa ez dela inoiz izan ibarrean diru-sarrerak sortzeko eragilea izanen den jarduera ekonomiko jakin bat ikusarazteko edo sustatzeko erabiltzea. Gurekin hizketan aritu diren herritarrek esan ohi duten bezala, “Artzibar Nafarroako geografiako ibar ezezagunena da”, eta “hala izaten jarrai dezala” gaineratzen dute.

Gertaera horiek guztiek ondorio logiko batera garamatzate. Artzibarren ez dago nortasun nabarmenik ibar mailan. Hori dela eta, azken urteotan hainbat ekimen jarri dira abian; besteak beste, “Artzibarri buruzko hausnarketarako gunea” izeneko prozesu parte-hartzailea, edo herri sakabanatuak elkarren artean lotzeko galtzada erromatarrek trazatutako bideak berreraikitzea. Bestalde, okupatutako herrietako biztanleek beren ordezkaritza politikoa areagotu dute ibarreko udalean; ibarra osatzen duten sei zinegotzietatik hiru dituzte. Horiez gain, administrazioak proiektu bat du Artzibarko Jauregia birgaitzeko eta ibarreko gizarte-zentro bihurtzeko.

Arrazoi horiengatik eta beste batzuengatik, gure proiektuak hainbat baldintza bete behar ditu. Lehenik eta behin, proiektua ibar-mailan gauzatu behar da. Ahal diren herri guztiak bildu behar ditugu proiektura, eta eginen diren esku-hartzeak deszentralizatu behar ditugu, baita esku-hartze horiei lotutako emaitzen aurkezpena ere. Ildo horretan, badakigu, jakin ere, planteamenduak eremu bakoitzera mugatu behar direla, eta behar bezain malguak izan behar dutela, haiek beren denboren arabera gauzatu ahal izan ditzaten. Kontuan izan behar da bertako biztanle askok nekazaritza- edo abeltzaintza-lanak egin behar dituztela; hortaz, ezin ditugu proiektu hau gauzatzeko aurrez ezarritako ordutegiak inposatu. Hala ere, gure lanak auzokoen ahaleginak uztartzea izan behar du, eta lurralde geografikoarenaz haraindiko berezko ildoak marraztu behar ditugu.