Cultura contemporánea y ruralidad

Lurralde afektibo baten atlasa

Uztailaren 30ean, “Lurralde afektibo baten atlasa” proiektua aurkeztu nuen, Leatxen. Prozesuarekin hasteko, aurkezpenean zeudenei eskatu nien haientzat “afektiboak” diren 3 leku aukeratzeko, haiekiko nolabaiteko lotura bereziren bat duten 3 leku.

Abuztuaren 15etik aurrera, toki horiek bisitatzera joan naiz parte-hartzaileekin, eta “aktibatu” eta besteekin partekatzeko moduak pentsatzen lagundu diet. Hona hemen esperientzietako batzuk:

K-k esan dit goizeko 8:00etan elkartzeko, eta Cerros Viejos  parajera igo gara, bizi-bizi. Pinudi eta hariztietatik igaro gara, eta pinudian hazi diren hiru pago ikusteko gelditu gara. Urmael zaharra, borda fantasma, lauzaren iturria  erakutsi dizkit. Eguerdian itzuli gara herrira, eta, mapa bat eskuan dugula, T-ren etxera joan gara. Herriko iturriak katalogatzen ari dira, eta hogei baino gehiago kontatu dituzte.

I-rekin Itxudur mendirantz joan gara; azken hilabeteetan, egurra ateratzen aritu dira handik. Udaberrian, maiz ibiltzen zen I leku horietan barna, eta bideen muturretan lore askori argazkia egin zien: bitxiloreak, tulipa basatiak, fraide-buruak, gladiolo basatiak, etab. Makinek leku horietako batzuk suntsitu dituzte, eta lehen bidexka estuak zirenak 3 metroko pistak dira orain. I-k adierazi du non zeuden loreak; orain, lur nahasia besterik ez dago. Hurrengo udaberrian nola haziko diren hausnartu dugu.

Duela urte asko, bi topaleku nagusi zeuden Leatxen: Elizpea eta ur-biltegiak (igerileku-funtzioa egiten zutenak). Elizpeak topaleku izaten jarraitzen du, baina ez da hainbeste jolasten han. Igerilekuak urteak daramatza hesituta, segurtasunez. Elizpearen aurrean eseri gara B eta T-rekin. Askotan jolastu dira han, eta oroitzapen asko dituzte. Jolasak biltzea proposatu diet, etorkizuneko belaunaldientzako jarraibide-gida gisa. Amari aurreko belaunaldien jolasei buruz galdetzea ere erabaki dute.

Maddi Barber