Cultura contemporánea y ruralidad

Egin behar duenaren beharraz, ez dakienaren beldurrez

Bigarren bisita da Jaurrietara. Esan nezake, agian, bigarrena neure bizi osoan, ez baitut gogoan sekula bertan egon naizenik. Landarterekin lehen bisita, formalagoa edota zerbait has dadin egin beharreko hura izan zen. Herrikide zenbaitekin bilera bat, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. 

Oraingoan ordea, neu nago bakarrik, egin behar duenaren beharraz eta ez dakienaren beldurrez. Goxo hartu naute El Sarioko aterpean. Kafe baten bueltan hasi zaizkit “Zer egin nahi duzu?” galdezka. “Zuek proposatzen didazuena”, erantzun diet. Eta hasi gara.

Herriko kaleak eta goiko zein beheko “auzoak” bisitatu ditugu. Pasako dugun etxe bakoitzaren atariek istorio bat dute eta agertzen doaz haien begirada eta ahotan. Hamaika kontu ditu herriak. Zinez pelikulak, seriek edota nobelak elikatzeko aña. Eskola zaharretan paratutako museo txikia bisitatu dugu segidan. Erakusketan hiru dira ardatzak: Patata, Jaurrietako neska dantza eta 1880ko sutea. Sutea behin eta berriz agertuko da bisitaldian. Gero Herritar zenbaitekin bildu gara eta hemengo eta hango kontuez solastu dugu. 

Jaurrieta herri abegikorra eta adeitsua iruditu zait lehen unetik. Bada mito bat, eta mitoa dela ziurtatu dezaket, Pirineotako herritarrak itxiak eta kanpotarrekin fidagaitzak direla. Ba ez da jaurrietarren kasua. Haien etxeak ireki dizkidate, haietako beste bat izanen balitz bezala. Ana Mariren sukaldean sartu eta bere liburuak eta notak atera ditu dakien guztia kontatzeko. Gonzalok esku artean dituen proiektu eta eginkizunez hitz egin dit kementsu eta konpromiso osoz. Ezin ahaztu José, 90 urterekin duen grina, alaitasun eta memoria. Gertu sentiarazi naute, adeitsuak izan dira, haien intimitatearen espazioak ireki dizkidate gozotasunez. Agian, hori da maiz herrietan eman dena, etxeak, sutondoak, mintzatzeko eta harremantzeko leku izan direla. Hala izan da Jaurrietako bisitan.