Cultura contemporánea y ruralidad

Lehenengo mezua

Uztaila Urraul ibarrera eta bertako jendearengana erabat irekitako hurbiltze-etapa bat izan da, noraeza kontzientea, eta hara eta hona ibili gara askotariko pertsonekin geratuta: kontseiluko lehendakariak, lagun-elkarteak, herritarrak, artzainak… Harritzen nau egin didaten harrerak, eta askotan ziurgabetasuna sortzen zait.

Nire asmoa “bailarako afektuen mapa” dei genezakeen horren lehen koordenatuak ezartzea izan da: nola eragiten duen lurraldeak, nola bizi den, zer arazo egon daitezkeen, zer dinamika sortzen diren… Bide asko irekitzen dira eta zail egiten da prozesua aukeratzea.

Nirea maximoen ortzi-muga da: zer gertatzen da egun Urraulgoitin? Nola “eralda daiteke lurraldea” arte- eta kultura-proiektu batekin? Argi daukat, halaber, proiektuak ez duela arranditsua izan behar: ekintza txikitan zehaztuko da. Gauzak ekintza txikiek mugiarazten dituzte.

Nire lehen saiakeren asmoa zen ibarreko antolaketa historiko eta politikoan sakontzea. Urraul ibarrak 20 herritik gora izan zituen. Zergatik? Gaur egun herri horietako asko hutsik daude, baina bailarak bizitasuna arnasten du, herriak zainduta daude, zerbitzuak dituzte… eta egiteko, gauzak mugitzeko gogoa dago. Egia da, halaber, urtean zehar bi aurpegi daudela: udan, familiaren etxea edo bigarren bizilekua duten asko leku baketsu honetara iristen dira. Eta neguan gutxi batzuek eusten diote lemari.

“Zerk egiten du herri bat herria izatea”; horixe zen nire buruari egiten nion lehen galderetako bat. Batez ere, kontuan hartuta bailarako batzuek 5 biztanle baino ez dituztela erroldatuta.

Herri ñimiño horiek ohiko azpiegitura dute: eliza, pilotalekua, hilerria… eta anitzek alkatea ere badute.

Lehenik eta behin, antolaketa politiko horri buruz gehiago jakin nahi izan nuen: kontzejuak. Eremuka, horrelako leku batek izan ditzakeen arazoen berri izan nahi nuen: etxebizitza, hezkuntza, zerbitzuak… Nire asmoa topaguneak sortzea zen, galdera horiek mahai gainean jarri ahal izateko topaguneak irekitzea. Abstraktutik zehatzera joan nahi nuela konturatu nintzen. Jabetu nintzen, herritarrek jabearazi ninduten, alderantziz izan behar zuela. Zehaztasunetik abiatu, egon daitezkeen adarrak bilatzeko.

Orain, esplorazio-fase honen ondoren eta zoriak elkartuz, gai bat dago mahai gainean, eta badirudi hortik eratorri interesgarriak atera daitezkeela. Jarraituko dugu kontatzen.