Zenbat izen ditu Jaurrietak?
Ezkarozetik datorren bidetik, Jaurrieta herrira sartu eta berehala bada etxe nagusi batean herriaren izena paratzen duen seinale antzinako horietako bat. Letrak urdin biziz eta fondoa zuriz, portzelanazko xafla laukietan osatutako, etzanda dagoen lauki zuzen modukoa da. Halako plaketan, garai batean herri horrek zituen bestelako izenduren berri izaten dugu normalki. Kasu batzuetan gaurkoekin bat datozen izenak, besteetan arras aldatu direnak. Gehientsuetan herri horrek zuen euskarazko izen zaharraren arrastoak ikus ditzakegu.
Jaurrietakoan, modu nagusian ikus dezakegu JAURRIETA letra larriz. Behean txikixeago EAURTA. Bat bateko irakurketan bi izen zeharo ezberdinak direla pentsa dezakegu. Bata ezaguna eta orain darabilguna eta bestea aldiz, ia aho-korapilo baten moduan ezin ahoskatu dezakeguna; e-a-u-r-ta. Jolas moduan behin eta berriz ahoskatzen hasita, ustekabean helduko zaigu ahora gaur egungo herriaren izena. Betiere, J hori bustiduraz ahoskatu ezkero.
Jaurrietak izen bakarra du, forma eta ertz ezberdinak hartu izan dituena. Izen bera, izan ezberdinekin. Bertako bizipen, istorio eta garapenak bezain besteko formak hartu dituen leku izen bat eta bakarra.
Eaurta, Iaurta,, Egaurrieta, Eiaurrieta, Eiavrrieta, Iaurieta, Yaurrieta, Xaurrieta, Jauregieta… finean, Jaurrieta.