Cultura contemporánea y ruralidad

Mapaketa kolektiboa

Joan den uztailaren 26an hamabi lagun elkartu ginen Berbintzanako “Las Eretas” museoan. Oraingoan, bestelako topaketa bat izan zen, talde-laneko eta lankidetzako jarrera batetik abiatuta auzotarren buruak aktibatzeko pentsatua. 

Helburua? Taldeka lurralde sozial, subjektibo eta geografikoari buruz gogoeta egitea; jakintzak eta esperientziak trukatzea; ezkutuko arazoak ikusaraztea; eta, batez ere, gure hurrengo topaketetan landuko ditugun gaiak, proiektu artistikoaren erdigunea izanen direnak, definitzea. 

Lanari heldu aurretik, ikus-mapak egiten dituzten bi artista plastikoren lana ezagutu genuen. Artista horiek Teresa Sabate, Nafarroako artista eta Vietnamgo Tiffany Chung dira. Gure asmoa eta artista horiena ez ziren berdinak, baina garrantzitsua da burua zabalik edukitzea pentsatzeko mapa batek aldi berean ikuspegi kritikotik eta artistikotik marraz dezakeela. 

Garatutako dinamikaren barnean, herriaren maparen gainean lan egin genuen; alegia, “mapaketa kolektiboa” gisa defini dezakeguna. Ariketa hau Argentinako “Iconoclasistas” kolektiboan oinarrituta dago. Kolektibo horrek topaketa komunitarioak antolatzen eta dinamizatzen adituak dira, eta xedea dute lurralde bat osatzen duten errealitate ezberdinak aztertzea eta horien inguruan gogoeta egitea. 

Parte-hartzaileek ikono ugarirekin lan egin zuten, eta horiek arazo ezberdinak bizi diren leku zehatzak ezagutzen lagundu zieten (guk aurreko topaketetan aintzat hartu genituen arazo horiek). 

Lau gune mugatutan oinarritutako galderei ere erantzun zieten: eskola, museoa, ibaia eta erkidegoa. 

Galdera abiarazle horiei esker, gai ezberdinetan sakondu ahal izan genuen, eta eztabaida eta elkarrizketa sortu ziren. Horietako batzuk dira:

“Noiz erabiltzen duzu espazio hori”?

“Zer gauza aldatu dira?”

“Nola izan lezake leku honek arrakasta handiagoa?”

Espazio batek besteek baino oihartzun handiagoa zuen… Ibaiak. Jardunaldia amaitzean, bildutako informazioa partekatuko genuen. Badirudi sentimendu komun bat dagoela: “ez dugu ibaiari bizkarra emanda bizi nahi” dio Charik (bertakoa eta museoko gidaria). 90eko hamarkadan Berbintzanan igerilekuak eraiki zirenetik, bertako biztanle gehienek ibaia alde batera utzi dute topaleku, jolasleku eta deskonexiorako leku gisa. Alabaina, ez da leku abandonatu bat. Hainbat tradiziori eusten zaio oraindik, “Arga ibaiaren jaitsiera” ospetsuari kasu (jaien aurreko igandean). Beste hainbat jarduera ere egiten dira ibaian: arrantza eta ur-kirolak (piragua, besteak beste). 

Baina… Zenbateko garrantzia du ibaiak Berbintzanan? Zergatik da aisialdirako leku bat eta ez besterik? Nola definitu du paisaia orain ezagutzen dugun horretaraino?