Cultura contemporánea y ruralidad

Gertagaitzezko orainak

Aurretik, blog honetan ere hainbat Jaurrietaz hitz egin izan dugu. “Zenbat Jaurrieta daude?” izenburupean, herriak itxuraz dituen izen ezberdinei buruz hausnartu genuen, baina zehaztu genuen etimologikoki izen bera direla. Unitate bakarra, hainbat izen dituena. Unitate bakarra, era askotako irudikapen nominalekin. Unitate bakar batek, herri bat irudikatzen duela esanen genuke; identitate bakar bat.

Benetan hala ote da? Herri bat denaren irudikapenak lotura komunak ditu, noski. Nahiz eta bertan bizi den pertsona bakoitzarengan, ezinbestean, ñabardurak dituen. Bakoitzak bere pertzepzioa du Jaurrieta denaz.Eta honako galdera datorkit: Zenbat Jaurrieta bizi daitezke aldi berean? Zenbat Jaurrieta daude benetan? Fisikoki. Herriko txokoren bat begiratzen dugunean, zenbat begirada ezberdinek begiratzen diote? Nola eratzen dira leku horiek, espazio fisikoari atxikitako bizipenek, erabilerek, oroitzapenek eta emozioek moldatzen baitituzte. 

Jaurrieta bera ez zen izango 1880ko suterik gabe, patatarik gabe edo horrela izatea eragiten duten hainbat eta hainbat gauza gabe. Iraganak bere aztarna uzten baitu eta orainaren eraikitzailea da. 

Baina argi eduki behar da, baita ere, guregana iritsi den iraganak soilik eraikitzen duela haren gainean dugun pertzepzioa. Kontatu ez diren zenbat gauza? Zenbat gauza geratu ziren ahaztuta? Zenbat desio, frustrazio, saiakera eta errealitatek funtzionatu zuten, baina ez dira orain arte iragan? Jaurrietaren errealitate asko izan ziren, Jaurrieta bera beste zerbait bihur zezaketenak. Lehen aipatu bezala, aldi berean bizi diren mila errealitate paralelo daude. Orduan hamaika herri azaleratzen da pertsona bakoitzarengan. Bakoitzak bere behar eta testuinguruekin, bizitzako gertaerek eragindakoekin edo inposatutakoekin. Batez ere, bakoitza bere desira eta irrikekin. 

Etorkizuna izango da edo ez da izango. Gertatu ez den eñean, ez da existitzen. Iragana orainaren oinarriak baldin badira, oraina izango da etorkizunaren oinarria. Orainaldi ezberdinak irudikatzean edo desiratzean, etorkizun posibleak proiektatzen ari gaitezke. Oraingo gertagaitzak entseatzen hasteak, etorkizun probableak eskain diezazkiguke.