Cultura contemporánea y ruralidad

FIKZIOAK. Saiakeran erre gabe imajinatzea

Fikziozko ariketaren bidez, etorkizuna aurreikusi eta eztabaidatu ahal izateko tresnak eskura ditzakegu. Irudimena, hortzmuga gisa balioko diguten ideiak sortzeko ariketa sozial eta emozional handia izan daiteke. Inolako kosturik edo arriskurik gabe, gure herriarentzat etorkizuneko aukerak entseatzea edo probatzea; izan ere, imajinazioaren testuinguruan, erratu, eztabaidatu, behatu eta etorkizunak ekar diezazkigukeen aukerak azter ditzakegu. Fikzio aktiboak gure errealitate ukigarria mugiarazten du, hura eraldatuz edo harekin dugun harremana irauliz. Ildo horretatik proposatu dugu ariketa Jaurrietarako proiektuan.

Adin desberdinetako edo herriarekiko behar eta lotura askotarikoak dituzten, hiru, lau edo bost pertsonako taldeen arteko topaketa modukoetan elkarrizketak garatu ditugu, non Jaurrietak aurrez aurre dituen erronkak disekzionatu eta etorkizunerako irtenbide posibleak kolektiboki irudikatu diren. 60 ahotsek baino gehiagok utzi dituzte beren ideiak eta proposamenak audioetan grabatuta, etorkizunerako oihartzun gisa.

Ideia edo proposamenen jenialtasunetik haratago, asko oso aberatsak izanik ere, biztanleen arteko topaketa izan da sakonekoagoa den zerbaiten abiapuntua: landa-ingurunearen biziraupenaren itxaropena irudimen propositiboko ekintza batean kokatzea, hain zuzen. Biharkoak eskaintzen dituen aukeretara bidaia kolektiboa izaten ari da. Begi bistako ideia errealistenetatik hasi eta zoroenetara, Jaurrietaren antzeko herrien bilakaeraren pultsua pizteko balio izan digute. Erabateko fikziozko ikuspegiak dituzten proposamenek, eguneroko bizitzan eragiten dizkiguten erronkak eta problematikak disekzionatzeko baliogarriak zaizkigu. Irudimena erabiliz, beraz, Jaurrietaren hortzmuga eta etorkizuna zabal ditzakegu, orainari aurre egiteko eta hura eraldatzeko helduleku bilakatuz. Aukera anitz horiek partekatzeko mekanismo bat artikulatuz. Eta hori guztia gertatzen ari da jada solasaldi hauetako lehen unetik, itxaropen-zaporea utzi baitute, saioetatik irtenda solasaldiak, hizketak, ideiak edota eztabaidak sorrarazi baitituzte. Fikzioak desadostasunak eta adostasunak sortzen ditu, sentikortasunaren pertzepzioa aldatuz. Horrela, itxura eta errealitatearen arteko harremana transformatuz.

Jacques Rancière filosofoaren arabera, fikzioa ez da errealitatearen kontrakoa. Fikzioak, errealitatea zizelkatzeko duen gaitasunez, norberaren errealitatea biderkatzen duten irudiak, istorioak edo metaforak sortzen ditu. Horrela, ideia horrekin berarekin, Jaurrietako biztanleen ahotsak grabatuz, hausnarketa kolektibo-komunitarioko ariketa bat artikulatzen saiatzen ari gara, non hartzen dugun arrisku bakarra etorkizun biziaren nahia izango den.